Sokatira. Munduko Txapelketa

Euskal sokatiralariek hamalau domina eskuratu dituzte

Taldeka zortzi domina eskuratu dituzte, eta euskal selekzioak, berriz, sei. Halere, munduko txapelketa batean urrezko domina eskuratu gabe jarraitzen du selekzioak, 2014an ofizialtasuna eskuratu zuenetik.

2020ko otsailaren 24a
11:18
Entzun

Bukatu da Letterkennyn (Irlanda) Goma Gaineko Munduko Txapelketa, eta euskal sokatiralariek hamalau domina irabazi dituzte: herrialdeka, lau zilarrezko eta bi brontzezko; eta taldeka, bi urrezko, bi zilarrezko eta lau brontzezko. Beraz, halako txapelketa batean inoizko ordezkaritzarik handiena izan arren, ezin izan dute 2018ko Txinako munduko txapelketako marka hobetu. Orduan, hamasei domina eskuratu zituzten —bi urrezko, zazpi zilarrezko eta beste zazpi brontzezko—, inoiz baino gehiago.

Ezin hobeto hasi zen txapelketa euskal taldeentzat. Lehen egunean, ostegunean, bost domina lortu zituzten lau talderen artean: urrezko bat (Badaiotzek), bi zilarrezko (Beti Gaztek) eta bi brontzezko (Gaztedik eta Ibarrak). Emakumezkoen 540 kiloko finala Badaiotzek eta Beti Gaztek jokatu zuten elkarren aurka, eta Gaztedik itxi zuen podiuma, Herbehereetako Monickendami gailenduta. Beti Gaztek zilarrezko beste domina bat ere irabazi zuen, 580 kiloko mistoan. Ezin izan zuen finalean Monickendam garaitu. Gizonezkoen 560 kiloko finalean, berriz, ez zen euskal talderik izan, baina Ibarra eta Gaztedi elkarren aurka lehiatu ziren brontzea lortzeko. Gipuzkoarrentzat izan zen domina hura.

Urre bat eta bi brontze iritsi ziren bigarren egunean. Badaiotzek irabazi zuen urrea emakumezkoen 500 kilokoan, munduko aurreko txapeldunei irabazita, Taiwango Jingmei taldeari. Maila horretan, Beti Gaztek lortu zuen brontzea. Gizonezkoen 600 kilokoan, berriz, Beti Gaztek eta Ibarrak elkarren aurka jokatu zuten brontzezko dominagatik, eta finala nafarren alde erabaki zen.

Taldekako txapelketa alde batera utzita, herrialdeen arteko lehia izaten da selekzio askoren helburu nagusia. Euskal selekzioaren kasuan, ordea, ez da hala, eta Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuten taldeak aritu ziren selekzioaren koloreak defendatzen; Beti Gazte gizonezkoen 640 eta 600 kilokoan, emakumezkoen 540 kilokoan eta mistoan; Badaiotz emakumezkoen 500 kilokoan; eta Ibarra gizonezkoen 560 kilokoan. Horiek lau domina lortu dituzte: hiru zilarrezko eta brontzezko bat. Beraz, euskal selekzioak munduko txapelketa batean urrezko domina eskuratu gabe jarraitzen du, 2014an ofizialtasuna eskuratu zuenetik.

Talde bakoitzeko onenez osatutako euskal zortzikote bakarrak 23 urtetik beherakoak izan dira. Munduko azken bi txapelketetan hiru zilar lortuta iritsi zen taldea —bat 2016an eta bi 2018an—, baina ez dute asmatu urrerako pausoa ematen: emakumezkoen 500 kilokoan zilarra eskuratu dute, eta gizonezkoetan, brontzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.