Sokatira

Euskal taldeek bost domina irabazi dituzte munduko txapelketan

Txapelketaren lehen egunean, emakumezkoen 540 kiloko finalean podiumeko hiru postuak lortu dituzte Badaiotzek (urrea), Beti Gaztek (zilarra) eta Gaztedik (brontzea).

Emakumezkoen 540 kiloko podiuma: Gaztedi (ezkerrean, hirugarren tokian), Badaiotz (erdian, lehen tokian) eta Beti Gazte (eskuinean, bigarren tokian). LUR GIL
Berria
2020ko otsailaren 20a
20:07
Entzun

Lehen egun arrakastatsua izan dute euskal taldeek goma gaineko munduko txapelketan, ostegunean, Irlandako Letterkenny herrian. Bost domina lortu dituzte lau talderen artean: urrezko bat (Badaiotzek), bi zilarrezko (Beti Gaztek) eta bi brontzezko (Gaztedik eta Ibarrak).

Goizeko proban, arrakasta erabatekoa izan da Euskal Herriko ordezkaritzarentzat. Emakumezkoen 540 kiloko finala Badaiotzek eta Beti Gaztek jokatu dute elkarren aurka, eta arabarrek irabazi dute urrea. Bizkaiko Gaztedik borobildu du euskal herritarren lana, brontzezko dominarako lehian Herbehereetako Monickendami irabazi baitio.

Arratsaldean, Beti Gaztek zilarrezko beste domina bat irabazi du, 580 kiloko mistoan. Monickendamen aurka galdu du finala. Zuraide laugarren gelditu da. Gizonezkoen 560 kilokoan, berriz, Ibarrak eta Gaztedik finalerdiak galdu dituzte, eta elkarren aurka lehiatu dira brontzea lortzeko. Gipuzkoarrek irabazi dute.

Gaur jokatuko dute taldeen arteko azken eguna. 09:30an izango dira gizonezkoen 640 kiloko proba eta gizonezkoen eta emakumezkoen 23 urtez azpikoenak; 13:30an, berriz, gizonezkoen 600 kilokoa eta emakumezkoen 500 kilokoa. Bihar eta etzi, herrialdeka jokatuko dute txapelketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.