Futbola

Euskal taldeek lautik lau garaipen eskuratu dituzte lehen jardunaldian

Eibarrek 3-2 irabazi dio Sevillari; Alavesek, 2-1 Betisi; Realak, 4-1 Valentziari; eta Athleticek, 0-2 Madrili.

Realeko jokalariak, gaur, neurketa bigarren gola ospatzen, Amaiurrena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 5a
20:19
Entzun

Ezin hobeto ekin diote denboraldiari lehen mailako euskal taldeek. Euskal Herriko lau talde daude aurten gorengo mailan, eta laurek garaipen banarekin ekin diote denboraldiari. Sailkapeneko lehen postuan zazpi talde daude hiruna punturekin, eta horietako lau Euskal Herrikoak dira. Zantzu bikaina, ezbairik gabe.

Eibar 3-2 Sevilla

Eibarrek Unben ekin dio lehen mailan egingo duen bigarren denboraldiari, eta nola gainera. Armaginek larri salbatu zuen maila iaz, baina gaur ustez sailkapenean gorago ibili beharko lukeen Sevilla menderatu du.

Azkar sartu du etxekoen lehen gola Arola Garciak, baina bost minutu geroago berdindu du talde espainiarrak. Neurketaren kontrola, ordea, Eibarrek izan du, eta atsedenaldiraren aurretik sartu du bigarrena Carla Morerak.

Bigarren zatian bere bigarrena sartu du Garciak, eta, Sevillak aldea murriztu duen arren, arazo gehiegirik gabe eutsi diote emaitzari etxekoek.

Alaves 2-1 Betis

Euskal taldeen artean, Alaves da berrikuntza aurten. Denboraldiaurrean itxura ona eman zuen taldeak, eta hori berretsi du gaur ligako lehen partidan. Iaz larri salbatu zen Betis, eta aurten aiseago ibiltzeko asmoz ekin diote denboraldiari.

Neurketa bigarren zatian erabaki da: hamargarren minutuan sartu du lehen gola Alavesek, Lice Chamorrok. Betisek 67. berdindu du, eta zazpi geroago, 74.ean, etxekoen bigarrena sartu du Urruk.

Reala 4-1 Valentzia

Garai berriari zoragarri ekin dio Realak ere: irabazi egin du, eta itxura ederra emanez gainera. Taldeak aldaketa asko izan ditu aurten, jokalari garrantzitsuak galdu ditu, baina argi utzi dute horrek ez dituela kikilduko.

Lehen zatian Franssik eta Amaiurrek sartu dituzte golak. Atsedenaldiaren ostean, Ceciliak eta Amaiurrek erabakita utzi dute neurketa 57. minuturako. Harrobiko hainbat jokalarik izan dituzte minutuak.

Madril 0-2 Athletic

Etxetik kanpo irabazi duen talde bakarra Athletic izan da, Madrilen. Aurreko denboraldia ez zen onena izan zuri-gorrientzat, eta aurten proiektua indartuta ekin diote denboraldiari. Hala erakutsi dute lehen norgehiagokatik.

Bi golak bigarren zatian sartu dituzte bizkaitarrek: Garazi Muruak 57. minutuan, eta Ane Azkonak 66.ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.