Zorte txarrarekin lotuta egoten da gehienetan 13 zenbakia, baina euskal txirrindularientzat ez da hain zenbaki itsusia. Dominetatik urrun ibili ziren atzo Jon Aberasturi, Irene Usabiaga eta Lurdes Oiarbide. Baina oso lan duina egin zuten hirurek. Munduko Txapelketa batean nahikoa meritu badauka lehen tropeltxoan iristeak, eta hirurek lortu zuten atzo helburu hori. Aberasturi eta Usabiaga esprintean sartzeko gai izan ziren, gainera. Junior mailako emakumezkoen eta 23 urtez azpiko gizonezkoen txanda izan zen atzo Kopenhagen (Danimarka). Lucy Garner (Erresuma Batua), Jessy Druyts (Belgika) eta Christina Siggaard (Danimarka) igo ziren podiumera emakumezkoetan; eta Arnaud Demare (Frantzia), Adrien Petit (Frantzia), eta Andrew Fenn (Erresuma Batua) gizonezkoetan.
Gaur, junior mailako gizonezkoen eta eliteko emakumezkoen txanda izango da Munduko Txapelketan. Azken proba horretan ariko da Eneritz Iturriagaetxebarria. Asteartean ez zen batere gustura geratu erlojupekoan egindako lanarekin —35. postuan amaitu zuen—, eta gaur dauka aukera arantza hura ateratzeko. Ibilbidea, ordea, ez da oso aproposa bizkaitarrarentzat. Hamar itzuli eman beharko dizkiote hamalau kilometroko zirkuitu ia lauari, 140 kilometro denera. Hori bai, gizonezkoen proban ez bezala, ez dago lasterketa kontrolatuko duen selekzio indartsu-indartsurik, eta horrek ihesaldietarako aukera sortuko du.
Euskal ziklistak, duintasunez
Jon Aberasturi eta Irene Usabiaga 13. postuan sailkatu dira Munduko Txapelketan, eta Lurdes Oiarbide, 36. postuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu