EUSKALDUNAK TOURREAN. Jesus Loroñoren balentria

Xabier Usabiaga.
2003ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
ihar uztailak zazpi ditu, astelehena. Duela 50 urte ere halaxe zen. Bihar, Tourrak, 100. urteurreneko Tourrak, etapa bat korrituko du, bigarrena. Duela 50 urte, 50. urteurrenaren Tourrak, hamargarrena zuen. Bihar euskal txirrindulari batek irabazi lezake etapa. Duela 50 urte hala gertatu zen behintzat. Jesus Loroñok irabazi zuen Tourreko etapa, aurrenekoa, azkenekoa, bakarra, bikaina.

«Garaipen bat ez da inoiz hain osoa izan», irakurri zuten Euskal Herrian biharamunean. Larrabetzuarraren balentria hitzetik hortzera ibili zen egunetan.

Etapa Pirinioen bihotzean korritu zen, motza, gogorra. Nekez igo daitezke Paueren eta Cauterets gainaren artean (103 kilometro) orduan igo zituzten baino mendate gehiago: Laruns, Aubisque, Soulor eta Cauterets.

Etapa urduritasun handiz jarri zen abian, presaka. Hasi bezain pronto, hiru lagunek hartu zuten aurrea: Darrigade, Huber eta Drei nabarmendu ziren. Egon, egon, pentsatu bide zuen Loroñok. Laruns igotzen hasi baziren hasi, han irten zen bizkaitarra tximistak jo balu bezala.

Tropeletik alde egin eta handik gutxira harrapatu zituen Loroñok ihesi zihoazen hirurak. Ez zuten ikusi ere egin.

Aubisque mendatean, ordurako bakarrik, gurpilean inor ez zuela, pedal kolpe urduri biziaz, erraz egiten zuen gora Loroñok. 14:30ean pasatu zen pankartapetik. Eguzkiak bete-betean jotzen zuen, eta izerdi patsetan urtu behar zutela ziruditen txirrindulariek. Atzetik, lau minutu eta erdira pasatu ziren faboritoak, Louis Bobet (urte hartako Tourra irabaziko zuena) eta Jean Robic (47ko garailea) besteak beste.

Soulorren gora, arriskuaz jabeturik, Hugo Koblet suitzarrak jo zuen, faborito nagusiak. Alferrik. Loroñok bereari eusten zion, ausart, kementsu oso. Bost minutu eta 20 segundo gailurrean.

Loroñok, aldian-aldian, atzera begiratzen zuen, badaezpada, baina haren begiratuak ez zuen inor topatzen. Bakarrik zihoan, alde handiarekin. Helmugan, sei minututik gora atera zien aurkariei. 1925eko urtarrilaren 10ean Goikoelizaldeko Goikola baserrian jaiotako gazte dohatsu dotore hark ikuskizuna eman zuen, inor gutxi gai den bezalakoa. Urte hartan, Mendiko Saria irabazi zuen.

Jesus Loroño 1998ko abuztuaren 12an zendu zen. Geroztik, 1953ko uztailaren 7an txoriek bezala gainditu zituen mendien gainetik da.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.