Euskaltel enpresak hartuko du Euskaltel-Euskadi taldearen ardura osoa. Halaxe iragarri du Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko presidenteak gaur, Euskaltelen Zamudioko egoitzan emandako prentsaurrekoan. Basque Cycling Pro Team elkartea sortu dute horretarako, eta hark hartuko du Euskadi Fundazioaren lekukoa. Gutxienik, hiru urteko proiektua izango da, eta Igor Gonzalez izango da elkartearen eta taldearen burua.
Erauzkinen hitzetan, taldearen orain arteko bizkarrezurrari eutsiko diote eta, hartara, Samuel Sanchez, Igor Anton, Ion Izagirre edota Mikel Landak bertan jarraituko dute. Harrobiko filosofiari eutsi nahi dio Basque Cycling Pro Teamek, nahiz eta presidenteak ez duen ezeztatu Euskal Herritik kanpoko txirrindulariak fitxatzea. "Gure liderrak euskaldunak edo bertan hezitakoak izatea nahi dugu, baina hori gero eta mundu globalizatuago eta estuagoarekin uztartu beharra daukagu. Taldeak eboluzionatu eta egokitu egin behar du, eta ez txirrindularitzaren errealitateari ihes egin", adierazi du Igor Gonzalezek.
Euskaltel txirrindulari taldeak Uci World Tourrean jarraitu nahi du, eta horretarako aurrekontua sei milioi euro ingurutik bederatzira igoko du. Erakunde publikoen laguntza izango du, orain arte bezala.
28 ziklista izango dira datorren denboraldian, eta lasterketa gehiago lehiatu nahi ditu Gonzalezek, "batez ere Frantzian".
Euskadi Fundazioa 1993an sortu zuten. Haren taldea harrezkero profesionaletan izan da.