Txirrindularitza

Euskaltel-Euskadi Espainiako itzulitik kanpo geratu da

Antolakuntzak Caja Rural eta BH Burgos gonbidatuko ditu. Lasterketa urriaren 20an hasiko da, eta azaroaren 8an amaitu.

ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 8a
15:55
Entzun

Euskaltelekin babesle izateko akordioa lortu eta gero, Euskaltel Euskadiren helburu nagusietakoa zen Espainiako Itzulian egoteko gonbidapena lortzea. Baina zapuztu egin zaio asmoa. Izan ere, antolakuntzak atzo eman zuen parte hartzaileen berri, eta, World Tour mailako hemeretzi taldeez gain, bi gonbidapen eman ditu: bata Caja Rurali, eta bestea BH Burgosi. Euskal Herriko Itzulian parte hartu eta gero, Jorge Azanzaren taldearentzat Espainiako Itzulian parte hartzea zen World Tourrean lehiatzeko aukera garrantzitsuenetakoa.

Caja Ruralek, berriz, berri ona jaso du, eta bederatzigarren aldiz hartuko du parte lasterketan. Aurreko sasoian, oso itxura ona eta lehiakorra eman zuen, hiru etapatan bigarren izan baitziren taldeko txirrindulariak. Oraingo honetan, arantza hori kendu nahi du. Denboraldi hasiera oso ona izaten ari zen Caja Ruralentzat. Izan ere, Gonzalo Serranok etapa bat irabazi zuen Andaluziako itzulian.

Aste honetan jakinarazi du Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak abuztutik aurrera abian jarri nahi duen egutegia, eta Espainiako Itzulia urriaren 20tik azaroaren 8ra jokatuko da. Herbehereetan zen hastekoa, baina bertan behera utzi dituzte lehen hiru etapak, eta Euskal Herritik hasiko da, Irundik (Gipuzkoa), eta lehen etapa Eibarren amaituko da, Arrateko gainean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.