Mikel Astarloza ez da izango Espainiako Vueltan, Euskaltel-Euskadik ez duelako sartu taldean. Euskaltelek, oraingoz, hamar laguneko talde bat osatu du —bederatzik korrituko dute itzulia—, eta Astarloza ez dago haien artean. Dopin positibo bategatik zigortu eta bi urtean korritu gabe egon ostean, Burgosko Itzulian itzuli da Astarloza, eta Vueltan egoteko itxaropena zeukan.
Euskaltel-Euskadik aukeratutako ziklistak: Igor Anton —taldeko liderra izango da—, Mikel Nieve, Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Amets Txurruka, Juanjo Oroz, Iñaki Isasi, Pierre Cazaux, Jorge Azanza eta Ivan Belasko.
Abuztuaren 20an hasiko da Espainiako Vuelta, Benidormen (Herrialde Katalanak). Bukatu, irailaren 11n, Madrilen.
Euskal taldeak aurtengo bi itzuli handietan hiru etapa irabazi ditu: Italiako Giroan Igor Antonek eta Mikel Nievek bana, eta Frantziako Tourrean Samuel Sanchezek —honek mendiko maillota ere lortu zuen—.