Euskaltel-Euskadi gaur desagertuko da txirrindulari talde gisa. Finantzaketa faltak zigortu du taldea desagertzera, eta aldaketak eragingo ditu elite txirrindularitzan nahiz maila apalagoko euskal txirrindularitzan.
Izan ere, hogei urteko ibilbidea egin du Euskaltel-Euskadik elitean. Txirrindulari gazte askorentzat profesionaletara jauzi egiteko plataforma izan da, eta egun taldean zeudenak beste talde batzuetan ariko dira datoreren urtean. Horietako zazpik, ordea, ez dute talderik topatu.
Zazpi horien artean dago Samuel Sanchez espainiarra, besteak beste 2008ko Olinpiar Jokoetan txapeldun izandakoa. Jon Aberasturi, Jorge Azanza, Miguel Minguez, Ruben Perez, Gorka Verdugo eta Steffen Radochla ere talde bila ari dira oraindik. Egoi Martinezek, Mikel Astarlozak, Adrian Saez de Arregik eta Andre Schulzek, berriz, erretiroa hartzea erabaki dute.
Beste hamaseiek badute taldea; Ion eta Gorka Izagirre anaiak Movistar taldean izango dira, Juanjo Lobato eta Igor Antonekin batera. Mikel Landa Astanan arituko da, eta Mikel Nieve Skyn. Kontinental mailan izango dira Peio Bilbao (Caja Ruralen), Romain Sicard (Europcarren), Juanjo Oroz eta Pablo Urtasun (Pino Roaden), Ricardo Mestre eta Garikoitz Bravo (Efapelen), Ioannis Tamouridis (Tablewaren), Robert Vrecer (Vorarlbergen), Jure Kojcan (Smart Stopen) eta RIcardo Garcia (Team Ukyon).
Pelotoian denbora gehien zeraman taldea zen Euskaltel.