Txirrindularitza

Euskaltel izango da Euskadi Fundazioaren babesle nagusi berria

Telefono konpainiako kontseilari ordezkari Jose Miguel Garciak baieztatu du berria. Babesle nagusia izatea bultzada handia izan daiteke Euskadi Fundazioarentzat, Espainiako Vueltan parte hartzeko gonbidapena jasotzeko.

ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 27a
12:20
Entzun

«Ez da nire ideia izan. Xabier Iturbe presidenteak eta komunikazio eta marketin taldekoek egin dute posible akordioa. Albiste ezin hobea da». Euskalteleko kontseilari ordezkari Miguel Garciak hala baieztatu du bolo-bolo zebilen berria. Telefono konpainia izango da Euskadi Fundazioaren babesle nagusi berria hemendik aurrera. Eguerdian egin dute akordioaren aurkezpen ofiziala, Bilboko Melia hotelean. Mikel Landa Euskadi Fundazioko presidente eta Bahrain-McLaren taldeko txirrindulariak, Jesus Ezkurdia fundazioko komunikazio arduradunak, Euskalteleko presidente Iturbek eta Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkariak hitz egin dute. Kontratuak lau urterako iraupena izango du, 2023ko abenduaren 31ra arte; taldeak Euskaltel-Euskadi izena hartuko du berriz, eta datorren Euskal Herriko Itzulian estreinatuko dute maillot berria, apirilaren 6an.

«Zaila izan da Euskaltelen gisako babesle bat aurkitzea, garaiak aldatu egin baitira, eta komunikatzeko eta saltzeko erak ere bai», esan du Landak. «Horregatik, Euskadi Fundazioarekin lanean hasi ginenean, talde lanean aritzea erabaki genuen: Orbearekin egin dugu lan, Etxeondorekin, Laboral Kutxarekin, eta gaur talde handi bat osatuko dugu Euskaltel batuta». Iturbek, berriz, esan du akordioa «konfiantzan» oinarritzen dela, «inongo baldintzarik gabe». 

Landak uste du«oso zaila» dela Euskaltel-Euskadi World Tourrean sartzea. «Txirrindularitza gero eta nazioartekoagoa da, eta oso potentzia indartsuak daude. Duela hiru urte, hau [Euskadi Fundazioa] ia desagertuta zegoen, eta World Tourra oso urruti gelditzen da. Talde bat sortu behar dugu; lehen pausoa eman dugu, eta egunez egun eta urtez urte joango gara». Espainiako Vueltak aurtengo ekitaldirako ematekoak dituen bi gonbidapenetako bat lortzeko itxaropena du Euskadi Fundazioak. Taldeak egin duen denboraldi hasiera onarekin batera, Landak espero du Euskaltelekin egin duten akordioa ere «beste motibo bat» izatea gonbidapen hori lortzeko. «Euskaltelen itzulera, mediatikoki eta sozialki mugituko duenarengatik, beste motibo bat da gonbida gaitzaten».  

Euskaltelek 2013an utzi zion txirrindularitza talde bat babesteari. Euskaltel-Euskadiren urteak euskal txirrindularitzaren arorik oparoenetako bat izan ziren. Ondoren, beste txirrindularitza talde bat sortzeko abiatutako proiektu guztiek porrot egin zuten, kasu gehienetan babesle nagusirik ez edukitzeagatik. Orain, hori lortu du Fundazioak. Landak Fundazioaren presidente kargua hartu zuenetik, ahalegin horretan aritu dira, proiektuari egonkortasuna eta bideragarritasuna eman asmoz. Babesle nagusia izateak aukera eman diezaioke Espainiako Vueltan parte hartzeko gonbidapena jasotzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.