Txirrindularitza

Euskaltelek eta Fernando Alonsok aurre-akordioa lortu dute tropelean jarraitzeko

Sei milioi euroko inbertsioa egin du 1 Formulako pilotu espainiarrak, eta, hasiera batean, taldearen egituran jarraituko lukete egungo langile gehienek. Asturiasen izango luke oinarria.

unai zubeldia
2013ko irailaren 2a
16:04
Entzun

Euskaltel enpresak eta Fernando Alonso 1 Formulako pilotu espainiarrak aurre-akordioa lortu dute Euskaltel-Euskadi taldeak 2014tik aurrera ere tropelean jarrai dezan. Sei milioi euroko inbertsioa eginda, asturiarrak erosi du Basque Cycling Pro Team (BCPT) elkartea, Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldearen jabea, eta egungo langile talde gehienak egitura horretan jarraituko luke, dagoeneko beste talderen batekin akordioa lotuta daukatenak salbu. Alonsok berak Twitter bidez aurreratu zuen "albiste garrantzitsuak" zeuzkala emateko, eta gaur goizean jakinarazi dute albiste hori. Euskaltelek berak ohar bidez berretsi du akordioa eta Igor Gonzalez de Galdeano managerrak ere "pozik" hitz egin du, "taldeak jarraitu ahal izango duelako".

Euskaltel-Euskadik 2016ra arteko lizentzia dauka World Tourrean, eta hamalau txirrindulari dauzka kontratuarekin: Samuel Sanchez, Mikel Nieve, Igor Anton, Mikel Landa, Ion Izagirre, Romain Sicard, Egoi Martínez, Gorka Verdugo, Juanjo Lobato, Garikoitz Bravo, Jon Aberasturi, Pello Bilbao, Ruben Perez eta Miguel Minguez. Hain zuzen ere, Samuel Sanchez bera litzateke taldeburua —Alonsoren lagun handia—, eta hainbat asturiar ere egongo lirateke talde horretan. Datozen egunetan emango dituzte argibide gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.