Euskal Bizikleta

Euskalteleko Koldo Fernandez de Larrearentzat bigarren etapa

Esprinean lortu du garaipena, Agurainen (Araba). Bost txirrindularik ihesaldi luzea egin dute, baina 15 bat kilometro falta zirela harrapatu ditu tropelak. Sanchez Pimientak lidergoari eutsi dio.

2008ko ekainaren 7a
18:29
Entzun
Euskaltel-Euskadiko Koldo Fernandez de Larreak irabazi du Euskal Bizikletako bigarren etapa (Agurain-Agurain, 162 kilometro), esprinean. Baden Cooke izan da bigarren eta Jose Joaquin Rojas hirugarren.

Etapa abiatu eta segituan izan dute txirrindulariek ibilbideko oztopo nagusia: Opakuako mendatea, lehen mailakoa. Hain justu, mendatea gainditu eta gutxira tropela atzean utzi dut bost txirrindularik, Benitezek (Saunier), Arekeevek (Aqua&Sappone), Richi Serranok (Tinkoff), Martinezek (Andalucia) eta Pujolek (Burgos). Ihesaldi luzea egin dute, eta une batzuetan 5 minutu eta 45 segundoko abantaila iritsi dute.

Helmugarako hamabost kilometro baino gutxiago falta zirela, ordea, harrapatu egin ditu tropelak. Mugimendu handikoak izan dira azken kilometroak, alde egiten saiatu baita txirrindulari bat baino gehiago -besteak beste, Iban Maiozek jo du erasoa-. Azkenean, ordea, tropela bat eginda iritsi da helmugara, eta esprinean erabaki da etapa. Esan bezala, Koldo Fernandez de Larrea izan da bizkorrena.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Sanchez Pimentak lidergoari eutsi dio. Jaume Rovira da bigarren eta Pasamontes hirugarren. Igor Anton laugarren da, eta, horrenbestez, lehen euskal herritarra.

Herenegun hasi eta bihar bukatuko da Euskal Bizikleta: Eibar-Arrate, 150 kilometroko etapa osatu beharko dute bihar. Usartza lehen mailako mendatean bukatuko da, eta aurretik Ixua lehen mailakoa ere igoko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.