TXIRRINDULARITZA

Euskatel-Euskadik uztailaren 18an ekingo dio berriro lehiari

Hogeita hiru probatan ariko dira talde laranjako txirrindulariak ia hiru hilabetean. Frantzian eta Italian lehiatuko dira batez ere, eta bitan besterik ez Euskal Herrian: Getxon eta Ordizian.

Euskalteleko ordezkariak eta txirrindulariak, gaur, elastikoarekin. JULEN ETXEBERRIA
Julen Etxeberria.
2020ko uztailaren 1a
14:45
Entzun

Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak bi aste barru hasiko dira berriro lehian, koronabirusagatik lau hilabete eta erdiko etenaldia izan eta gero. Hilaren 18an ariko dira lehen lasterketan, Portugalen, Joaquim Agostinho sarian. Gero, ia hiru hilabetez ariko dira egurrean: 23 lasterketatan hartuko dute parte, gehienak Frantzian eta Italian izango dira. Apenas lehiatuko diren Euskal Herrian, bitan besterik ez: abuztuaren 2an, Getxoko Zirkuituan, eta, urriaren 12an, Ordiziako Klasikoan. Hain zuzen ere, proba hori izango da denboraldi honetako azkena.

Jesus Ezkurdia Euskaltel-Euskadiko managerrak eta Jorge Azanza taldeko zuzendariak aitortu dutenez, "pena handia" izan da koronabirusagatik Euskal Herriko Itzulia, denboraldiko proba nagusia bertan behera geratzea. Hala ere, "itxaropentsu" azaldu dira, eta sinetsita daude txirrindulariak ondo arituko direla. 

Egutegiaz gain, elastiko laranja aurkeztu dute. Zortzi elastiko ezberdin dira, eta bakoitzak hitz bat izango du: bihotz, sorgina, musu-truk, ortzadar, bizilagun, maiteminduta, ilargi eta galtzerdi. "Ez da elastiko soil bat, sentimendu bat, giza marearen ilusioa islatu nahi du", esan du Koldo Unanue Euskalteleko marketin arduradunak. Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, berriz, euskararekin duten "konpromiso sendoa" azpimarratu du. Guztiek desio bat plazaratu nahi izan dute: "Marea laranja berriro martxan jartzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.