Arrauna

Eusko Label eta Euskotren ligak aurkeztu dituzte

Datorren larunbatean hasiko dira, Coruñan (Galizia), eta gizonezkoen estropadako hiru txandak zozkatu dituzte eguerdian Donostian. 

jarraia183423.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 26a
16:35
Entzun

Uztailaren 4a gainean da, eta marra gorriz nabarmenduta dute egun hori Eusko Label eta Euskotren ligetako arraunlariek. Coruñan (Galizia) ekingo diote lehiari, eta gaur egin dute bi ligen aurkezpena, Donostiako Aquariumean. Taldeetako ordezkariak han izan dira: arraunlari batzuk, hainbat entrenatzaile eta zuzendaritzetako zenbait kide.

Borja Rodrigo Traineruen Kluben Elkarteko presidenteaz gain, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Caixabankeko ordezkari Itziar Egaña ere han izan dira, eta bi emakumezkoek lan egin behar izan dute, Coruñako lehen jardunaldiko gizonezkoen estropadaren kale zozketa egin dutelako. Honela geratu dira bihar zortziko txandak (18:20ean da estropada): 

1. Ares, Donostiarra, Ondarroa eta Orio. 
2. Isuntza, Santurtzi, Cabo eta Zarautz. 
3. Hondarribia, Kaiku, Urdaibai eta Zierbena. 

Euskotren ligan, Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia ariko dira. Emakumezkoen estropada 18:00etan izango da. 

Txandak zozkatzeaz aparte, Oriok iaz bi ligak irabazteagatik jaso beharreko garaikurrak jaso ditu. Lehiaketen azken egunean eman zitzaizkien garaikurrak utzi, eta klubarentzat izango direnak jaso dituzte Nadeth Agirre emakumezkoen taldeko patroiak eta Jon Salsamendi gizonezkoen taldeko entrenatzaileak. Iazkoak iazko, aurtengoari buruzko galderei erantzun diete, eta Agirrek nabarmendu du "lehia estuagoa" espero duela iazkoaren aldean —Oriok ligako estropada guztiak irabazi zituen bat izan ezik—. Arraunlari eta entrenatzaile guztien kezka nagusia plazaratu du gero: "Ikusi beharko da nola gauden". Salsamendik balioa eman dio lehia izateari: "Uretan egotea da garaipen handia". Aipamena egin dio gero entrenatzaileen kolektiboari: "Aipatu nahi nuke multzo horrek etenaren hilabete hauetan egindako lana". Bilerak egin zituzten konfinamendu garaian, egoera berezi horretan elkarrekin gogoetak egiteko. Orioren nahia "borrokan ibiltzea" izango dela azaldu du. 

Beste arraunlariek eta entrenatzaileek ere Agirreren kezka bera ekarri dute ahora: ez dakitela nola dauden lehiari ekiteko. Ekainaren 8an berrekin zieten uretako entrenamenduei, hiru hilabetez etxean eta bakarrik lanean aritu eta gero. Ilusioa ere denek daukate, eta Zarautz igo berriak zer esanik ez: "Sekulako gogoa daukagu. Talde gaztea gara, eta gure helburua da ahalik eta azkarren ibiltzea", esan du Jon Artola presidenteak. Bigarren txandarekin "gustura" dago:  "Orekatua da, maila guztietako taldeak baitaude". 

Hirugarrenean ariko diren Zierbena eta Urdaibai ere antzera daude, pozik, tokatutako txandarekin: "Aukeratzen hasita, hirugarrengoa aukeratuko genuke Hondarribiak, Zierbenak eta guk, eta hortxe gaude hirurok. Baina arraunean egin beharko da gero, bestela alferrik izango baita txanda ona tokatzea", azaldu du Iñaki Goikoetxea Urdaibaiko arraunlariak. Mikel Portularrume Zierbenekoak bat egin du Lekeitioko arraunlariarekin: "Hirugarren txanda nahi genuen, haizeak behera egiten duelako arratsaldeak aurrera egin ahala, nahiz eta Galizian gauza arraroak gertatu. Indartsua da gure txanda". 

Euskotren ligan, iaz Oriori bandera bat kentzeko gai Arraun bakarrik izan zen (Lekeition), eta Amaia Sexmilo arraunlariak aurten ere ondo ikusten du taldea: "Ondo itzuli gara uretako entrenamenduetara. Berehala jarri gara, neguan oso lan ona egin baikenuen blokea lantzen". Ezusteak espero ditu: "Lehen estropadetan ikusiko da nola dabilen bakoitza, eta lehia estua espero dut". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.