Arrauna

Eusko Label ligako arraunlariak batzen dituen elkarguneak ez du zerikusirik agiriarekin

Osasun protokoloa "arintzea" leporatu diote Eusko Label eta Euskotren ligetako "hainbat arraunlarik" Traineruen Kluben Elkarteari manifestu batean, eta sinadurak biltzen hasi dira. Hori ikusirik, gizonezkoen liga nagusiko talde bakoitzeko bi arraunlarik osatzen duten bilguneak azaldu du ez dakiela ezer agiriaz. 

Ainara Arratibel Gascon-Aitor Manterola
2020ko ekainaren 4a
12:28
Entzun

"Ezinegona" eragin diete Eusko Label eta Euskotren ligetako "hainbat arraunlariri" Traineru Kluben Elkartearen batzarrean iragan larunbatean, maiatzaren 30ean, hartutako erabakiek. Haien arabera, osasun protokoloari, araudiari eta estropaden antolaketa eskuliburuari dagozkien erabakiak ez dira "taxuz eta behar bezala hausnartuta" hartu. Agiri batean egin dute salaketa, eta argi dute: "Kirol eta interes ekonomikoak arraunlarion osasunaren gainetik jarri dituzte, eta gure eta gure ingurukoen osasuna arriskuan jartzera behartuak sentitzen gara, horrek dakarren kargarekin".

Ordu batzuk geroago, Eusko Label ligako talde bakoitzeko bi arraunlarik osatzen duten bilguneak azaldu du agiria ez dela berea, eta ez duela zerikusirik. Bilgune hori batzen hasi zen COVID-19aren gaitzaren ondorengo egoerak arraunlariak nola bizitzen ari ziren kontatzeko, eta, aurrera begira, badu asmoa arraunlarien iritzi bateratua emango duen elkargunea izateko. Baina, gaur-gaurkoz, pare bat bilera bakarrik egin dituzte, eta adierazi dute ez dutela hitzik egin agirian azaltzen diren gaien inguruan. Azkeneko bilera duela pare bat aste egin zuten, eta hurrengoa datozen egunetan egitekoak dira, behin TKEk onartu duen protokoloaren inguruan klubek arraunlariei eman beharreko azalpenak eman eta gero, ahal bada iritzi bateratu bat osatzeko. 

Goizean "hainbat arraunlarik" atera duten agirian esaten da TKEk osasun protokoloaren bertsio berri bat aurkeztu zuela, eta "askoz ere leunagoa" dela aurrekoa baino. "Protokolo berrian neurriak nabarmen murriztu dira aurrekoaren aldean. Adibidez, astean test bat egin beharrean, soilik hiru egingo genituzte denboraldi osoan".  Agiriarekin bat egin duten arraunlariek "onartezintzat" jo dute hori, eta salatu dute ez dela "inondik inora" kontuan hartu beren iritzia planteamendu berri hori egiteko orduan.

Gainera, nabarmendu dute protokoloak ez duela aurreikusten COVID-19aren pandemiak okerrera egitea, eta horrek zalantzak sortu dizkie: "Osasun egoera larri baten aitzinean ez da neurri zehatzik hartzen". Hala, azaldu dute ezen, elkarte batek COVID-19 kasuak izango balitu, Lehiaketako Epaile Bakarraren mende egongo litzatekeela estropada batera ez aurkezteko baimena.

Argi gaitzetsi dute COVID-19 kasuak azkar detektatzeko gutxieneko kontrolak murriztu izana "ligen eta elkarteen bideragarritasun ekonomikoa bermatu nahian", eta alde batera utzi izana lehiaketa osterako dutxa eta aldagela duinen beharra. "Haatik, agintarien ontzia mantendu egingo da. Ligak kirolarien osasunaren aurretik jarri du irudi komertziala, eta horren adibide garbia da hori". 

Hori guztia ikusirik, hau eskatu diete Ligari eta elkarteei: lehenik, gogoeta egitea maiatzaren 30ean hartutako erabakien inguruan, eta kontuan hartzea arraunlarien iritzia; bigarrenik, protokolo zehatz bat idaztea, estropadetan eta entrenamenduetan hartu beharreko neurrien aplikazio zuzenak jasoko dituena; hirugarrenik, aldaketak egitea estropaden antolaketa eskuliburuan, kirolarien beharrak lehenetsiko direla ziurtatzeko; laugarrenik, ontziren batean koronabirus kasuak egongo balira hartu beharreko neurriak ezartzea, bai lehiaketaren araudian, bai antolaketa eskuliburuan, baita osasun protokoloan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.