Eustearekin ez da nahikoa

Athleticek Camp Nouko estrategia aldatu beharko du bihar San Mamesen Espainiako Kopan aurrera egin gura baldin baduDavid Lopezen ustez, «erabakigarria» izan daiteke partidako lehen gola sartzea

Athleticeko hainbat zale, atzo, San Mamesen kanpoaldean, biharko Bartzelonaren aurkako partidarako sarrerak erosteko zain. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
«Gola lehenbailehen sartzea izan daiteke kanporaketako giltza. Markagailuan aurrea hartzen badugu, asko daukagu irabazita». David Lopezek argi dauka bihar zer egin behar duen Athleticek Bartzelona handia kanporatzeko Espainiako Kopatik. Joaneko partidako helburua Camp Noutik bizirik ateratzea zen. Horretarako, Iraizozen aurretik lau jokalariko lerro bi ipini zituen Joaquin Caparros entrenatzaileak. Horma bi, alegia. Erasotzeari uko egin zion Athleticek. Baina San Mamesen gauza gehiago egin beharko ditu talde bizkaitarrak. Zuri-gorriek aukera bi dituzte aurrera egiteko: joaneko partidako estrategia berberaren aldeko apustua egin eta penalti jaurtiketak egin arte eustea da aukeretako bat. Eta neurketa irabazten ahalegintzea bestea —golen bat sartuta, edozein berdinketarekin Bartzelonak jokatuko luke hurrengo kanporaketa—.

Bartzelona aurrean egonda, bi bideak dira gaitzak, baina bigarren aukerak egokiagoa dela dirudi. Arrazoi askogatik, gainera. Lehenik eta behin, oso gaitza delako hamabost egunen buruan Bartzelona birritan hutsean lagatzea. Gaitza da, aurkariak sekulako maila duelako. Eta gaitza da, era berean, Athleticen defentsa ez delako ona. Ia ezinezkoa dena lortuz gero, gainera, Iraizoz ez da atezainik aproposena penaltiak gelditzeko —hiru urte pasatu dira Athleticeko atezain batek azken aldiz penalti bat geratu zuenetik—.

Athleticen gabezien eta dohainen berri izanez gero, ez dago atzean sartuta zain egoteko arrazoirik. Zuri-gorriek orain arte zerbait erakutsi baldin badute, aurkariaren atean duten eraginkortasuna izan da. Deportivoren kontrako herenegungo partida salbuespena izan zen. Izan ere, askoz ere gehiago izan dira gutxi eginda asko lortu duten partidak, askoz gehiago merezita sari barik geratu direnak baino. Beraz, zuhurtzia eta ausardia uztartu beharko ditu talde zuri-gorriak. Zuhurtzia eta kontzentrazioa ia seguru Bartzelonak erakutsiko duen nagusitasunari aurre egiteko.

«Elkarren ondoan egon behar dugu. Defentsan elkarri lagundu behar diogu, baina neurketa guztian zain egoten bagara, Bartzelonak mendean hartuko gaitu», esan zuen atzo errioxarrak. Ausardia, berriz, aukera dagoenean erakutsi beharko dute lehoiek. Beldur barik jokatu beharko dute aurrera egiteko bidea aurkitzen dutenean. «Irabaztera zelairatu behar dugu, baina presio eta antsietate barik jokatu behar dugu. Gol bat sartu behar dugu», esan zuen atzo Gaizka Toquerok.

Beharbada, ez da nahikoa izango gol bakarrarekin. Gehiago sartu beharko dira Guardiolaren taldea mendean hartzeko. Eta, beraz, jokalari guztien ekarpena izango da garrantzitsua. Ezinbestekoa. Ez baitago partidak joan eta partidak etorri Fernando Llorentek egin dezakeenaren zain egoterik. Aurrelari errioxarraren dependentzia baitu egungo Athleticek. Erdiko aurrelariak golik sartzen ez badu, ez dirudi beste inork sartuko duenik —Igor Gabilondok izan ezik—. Badirudi Llorente zainduta kontrolpean dagoela Athletic.

Toquero eta gainerako aurrelariak dira gabezia horren errudun nagusiak. Izan ere, orain arte ez dute golik sartu. Eta ia bete da denboraldiaren lehen erdia. Kontraesana dirudien arren, txapelketan jo gehien erakusten ari den taldeetako bateko aurrelari gehienak konfiantza barik ari dira jokatzen. Aurrelari gasteiztarra da horren adibiderik garbiena. Joan den sasoian gola ziurtatzen zuen jokaldietan huts egiten ari da denboraldion. «Boladak dira. Bartzelonan Villaren inguruan ere antzeko gauzak esaten ziren duela gutxi, eta orain gol asko ari da sartzen. Nik aukera garbiak izan ditut, baina ez dut asmatu. Sasoi hasieran lesioak izan nituen, baina orain ondo nago. Egoerari buelta ematea espero dut».

«Lehendakari» izan nahian

Ez da, bada, biharkoa baino norgehiagoka aproposagorik egongo denboraldiko lehen gola sartzeko. Toquerok badaki zer den Bartzelonari gola sartzea, gainera. Gorengo mailan sartu dituen gol apurretako bi egin dizkio talde kataluniarrari. Eta, era berean, jakin badaki zein berezia den San Mamesen egun handietan protagonista izatea. Sevillari gol bat sartu zion duela denboraldi biko Espainiako Kopako finalaurrekoetan.

Bihar, «lehendakari» izatea gura du berriz. «Kanporaketa %50ean dago. Aurrera egiteko aukera dugula pentsatu behar dugu. Gauzak ondo egiten baditugu, irabazteko aukera izango dugu». Baina ez diezaiogun erantzukizun guztia eman duela gutxira arte Lehen Mailan lehiatzeko gaitasuna ezbaian jartzen zitzaion jokalariari. Markel Susaetak, Javi Martinezek eta enparauek aurrepauso bat emateko garaia ere bada. Bartzelonak utziz gero, behinik behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.