Finala izan da Sadarkoa. Bi taldeentzat. Izan ere, espainiarrak Osasuna baino okerrago zetozen. Osasuna azken-laugarren postuan, eta Recreativo leku bat beherago, hiru puntu gutxiagorekin. Kanpotarrentzat, irabazi beste aukerarik ez zegoen mailari eusteko; 2-0 galdu ostean, bigarren B mailara jaitsiko da Recreativo.
Partida hasi eta ordu laurdenera, Roberto Torresen falta jaurtiketa batean, Vujadinovicek buruz sartu du lehen gola. Gisa berean sartu du bigarrena David Garciak, lehen zatia amaitu baino minutu batzuk lehenago.
Maila, ziurtatuta
Racingek, berriz, galdu egin du. Horrenbestez, azken partidan Osasunak nahikoa izango du berdinketa mailari eusteko.
Gaurkoa prestatzeko, aste zaila izan du lanerako Enrique Martin Monrealek. Jokalari dezente ditu min hartuta. Jose Garciak min du belaunean; Cadamuro ere ez dago ondo, baina prest egonda ere ez zukeen jokatuko, ez baita Martin Monrealen gustukoa. Azkenik, Mikel Merino ere falta da, baina ez minengatik, baizik beste arrazoi mingarriago bategatik: Espainiako selekzioarekin dago, torneo bat jokatzen.