Eutsi!

Athleticek mailari eusteko aurrerapauso erabakigarria eman dezake gaur, Betisi Sevillan irabaziz gero

haritz gallastegi
2008ko martxoaren 15a
00:00
Entzun


Athleticek mailari eusteko aurrerapauso erabakigarria eman dezake gaur,Betisi Sevillan irabaziz gero
haritz gallastegi

Bilbo

Emaitzak onak direnean, inork ez dio jokoari erreparatzen, sailkapenak jokoak baino garrantzi handiagoa dauka eta. Real Madrilek ez omen du bikain jokatzen, baina Liga eskuan dauka, eta horrek arindu egiten ditu kritikak. Atletico Madrilek ere makina bat kritika jaso du; hala ere, Forlani eta Aguerori esker, Txapeldunen Ligan sartzeko borrokan dabil Madrilgo taldea. Ondorioz, beste edozein egoeratan lanik barik egongo litzatekeen Javier Aguirrek taldea zuzentzen jarraitzen du. Orain arte, emaitzek salbatu dute.

Maila bat edo bi beherago ere antzera daude zenbait talde. Athletic da talde horietako bat. Zuri-gorrien jokoa Izarren Ligako eskasenetarikoa da -beste askok ere ez dute askoz hobeto jokatzen-, baina azken jardunaldiak onak izan dira, eta Caparrosek zuzentzen duen taldeak puntu asko batu ditu. Jaitsierako postuak lau puntura daude, eta zaleek arnasa apur bat hartu dute. Dagoeneko inor ez da oroitzen Athleticek Valladoliden aurka nola jokatu zuen. Emaitza, aldiz, alde guztietan agertzen da. Irabazteak lasaitasuna dakar futbolean.

Athleticek lau puntura dauka infernua. Behin huts egiteko aukera du, beraz. Ruiz de Loperan irabaziz gero, ordea, handitu egingo da atzetik dauden taldeei kentzen dien aldea. Ligako 28. jardunaldia aproposa izan daiteke sailkapenean aurrerapausoa erabakigarria emateko: mailari eusteko borrokan dabiltzan aurkari zuzen gehienek euren artean jokatuko dute. Athleticek gertutik jarraitu beharko ditu Osasunak Valladoliden eta Murtziak Huelvan (Espainia) jokatuko dituzten neurketak. CDeportivok eta Zaragozak, berriz, lehen sailkatuaren eta hirugarrenaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak, hurrenez hurren: Real Madril eta Vila-Real izango dituzte aurrean, hain zuzen ere. Beraz, gauzak nabarmen argitzeko edo are eta gehiago nahasteko balio dezake jardunaldiak.

Alde onak ditu jardunaldiak talde zuri-gorriarentzat, aurkari zuzen guztiek ez baitute emaitza onik eskuratuko. Baina talde horiek beste hainbeste pentsatuko dute Athleticek eta Betisek jokatuko duten partidaren gainean, bi talde horiek ere nola edo hala mantentzea baitute helburu.



BEDERATZI URTE IRABAZI GABE. Caparrosen taldea Betis baino ahulagoa dela pentsatzen duenak baikor egoteko arrazoi bat baino gehiago dauka. Estatistikak Andaluziako taldearen alde daude: Athleticek 1998-1999ko denboraldian irabazi zuen azken aldiz Ruiz de Lopera futbol zelaian; beraz, ez dira zelai eta aurkari aproposenak. Andaluzian irabaztea kosta egiten zaio Athletici. Harmailetako giroa beroa izaten da oso, eta zelaian ez ditu gauzak ondo egin. Caparros Athleticeko aulkian egoteak are eta gehiago motibatuko ditu jarraitzaileak; izan ere, entrenatzaile zuri-gorriak Betisen zelaian irabazteko duen gogo bera izango dute Betisen zaleek Athletic mendean hartzeko. «Izugarria izango litzateke neurketa irabaztea. Zein zelaitan irabazi gura dudan aukeratzerik banu, Ruiz de Lopera aukeratuko nuke», adierazi zuen atzo Caparrosek. Baina Francisco Chaparrok Hector Cuperren lekua hartu zuenetik, Betis indartsu agertu da etxeko partidetan. Chaparrok aginduta partiden aurretik jartzen duten kantuak, Duo Dinamico musika taldearen Resistiré izenekoak, motibatu egin omen ditu Edu, Pavone, Mark Gonzalez eta enparauak. Fin ari dira aurkariaren ate aurrean, golak sartzen.

Aurreko datuak ez dira onak, baina ez da ahaztu behar Athleticek estatistika txarrenak zituen zelaietan irabaztea lortu duela denboraldi honetan. Mestallan hogei urte irabazi barik egon ostean eskuratu zuen garaipena. Vicente Calderonen, berriz, azken hamarkadan Ruiz de Loperan izan dituen emaitza bertsuak zituen azken bisitan irabazi zuen arte.

Caparrosek hiru aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan estatistikak apurtzen jarraitzeko. Lerro bakoitzeko berritasun bat egongo da. Defentsan, Ustaritzek jokatuko du Amorebietaren partez, Iurretako atzelaria zigortuta dago eta. Athleticek Amorebietaren falta suma dezake, erdiko atzelari gaztea kikiltzen ez diren futbolarietarikoa baita, gogorra eta oldarkorra; futbolari aproposa, beraz, Betiseko aurrelariak kate motzean lotuta edukitzeko. Dena dela, ordezkoak ere badu ondo aritzeko gaitasuna. Ustaritzek lehen partida jokatuko du kontratua luzatu ziotenetik, eta hasierako hamaikakoan lekua badaukala berretsi gura du.

Zelai erdian Yestek jokatuko du. Basauriarra Orbaizen partez ariko da -osatu egin da, baina ez dago neurketa guztia jokatzeko moduan-. Euskarritik Athleticen erasoko jokoa antolatzeko ardura izango du. Aurrean, berriz, Etxeberria ariko da Adurizen partez. Caparrosek kapitaina erabili gura du kontraerasoan jokatzeko.



«Zein zelaitan irabazigura dudan aukeratzerik banu, Ruiz de Lopera aukeratuko nuke»

joaquin caparros
athleticeko entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.