Donostiako Klasikoa

Evenepoelek ezustekoa eman du Donostian

World Tourreko bere lehenengo lasterketan, garaipena eskuratu du 19 urteko txirrindulari flandriarrak . Skujinsekin batera ihes egin du Murgileko igoeraren aurretik, eta gainera iritsi aurreko metroetan atzean utzi du ihesaldiko kidea.

Remco Evenepoel, Donostiako helmugan sartzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2019ko abuztuaren 3a
17:49
Entzun

Remco Evenepoelek (Deuceunink-Quick Step) ikuskizun aparta eskaini du. Ausardiaz eta kemenez jokatu du, eta World Tour mailan korritu duen lehenengo lastesketan nagusitu da. Zaleen oroimenean iltzatuta geldituko den lasterketa egin du. Toms Skujinsen (Trek-Segafredo) erasoari erantzun dio eta biek elkarrekin tartea ireki dute Murgileko igoerara bidean. Tontorrera iritsi aurretik, erritmoa gogortu eta atzean utzi du letoniarra. Gainean, tropelarekiko 40 segundoko errenta zuela, helmugarainoko bidea bakarrik egitea lortu du.

Etapa hasieran, 37. kilometroan, eratu da lehen ihesaldia. Bederatzi txirrindulariko talde batek tartea ireki du tropelarekiko. Felix Großschartner (Bora-Hansgrohe), Josef Cerny (CCC), Grega Bole (Bahrain-Merida), Koen Bouwman (Jumbo-Visma), Angel Madrazo (Burgos BH), Cyril Lemoine (Cofidis), Jon Irisarri (Caja Rural), Fernando Barcelo (Euskadi Murias) eta Markel Irizar (Trek-Segafredo). Azken biek protagonismo berezia izan dute. Izan ere, Irizarrek azkeneko lasterketa izan du gaurkoa profesionaletan. Agurra etxean egin nahi izan du, eta oñatiarrak jaso du euskal zaleen beroa.

Barcelo, berriz, ihesaldiko gizon indartsuena izan da; gehien iraun duena. Tropelak Erlaitzen gora harrapatu ditu ihesaldiko txirrindulari gehienak, baina Barcelok minutu bateko aldeari eutsi dio mendatean. Donostiarako bidean, ordea, Movistar taldearen erritmoari ezin izan dio eutsi eta hirira sartu direnean harrapatu dute Euskadi Muriaseko huescarra. Ihesaldian egin duen lanari esker, mendiko elastikoa irabazi du Barcelok.

Mendizorrotzan gora, Igeldora bidean, etapa garaipena eskuratzeko lehiari ekin diote taldeek. Movistarrek berriro gogortu du erritmoa Mendizorrotzako aldapan, Alejandro Valverderentzako lanean. Tropelaren abiadak lasterketa burutik atzera utzi ditu txirrindurlari ugari. Mikel Landa izan da horietako bat. Zailtasunak izan ditu Erlaitzen, taldearentzako lanean aritu da ondoren, eta Mendizorrotzako igoeraren hasieran erritmo lasaiagoan joatea erabaki du. Atzean gelditu da Evenepoel bera ere. Aurreko taldearen abiadari eutsi diote Astana taldeko Gorka Izagirre eta Omar Fraile euskal herritarrek.

Murgil igotzen hasi aurretik, Usurbil parean, erasoa jo du Toms Skujinsek (Trek-Segafredo) eta erantzun egin dio Evenepoelek. Nabarmentzekoa da flandriarrak erakutsi duen jarrera. Mendizorrotzan lasterketa burutik atzera gelditu ondoren, aurrekoekin bat egiteko ahalegina egin du ordekan. Taldearekin bat egin duenean, ur garraioan aritu da taldekideentzako; eta, Skujinsek jo duenean, hari erantzuteko indarrak topatu ditu. Bien artean, 44 segundoko tartea ireki dute tropelarekiko, Murgil igotzen hasi direnerako, helmugarako hamar kilometroren faltan.

Evenepoel eta Skujinsek lortu duten errenta ikusita, erritmoa bizitu dute garaipena helburu zuten faboritoek. Bitartean, baina, Evenepoelek abiadura gogortu eta atzean utzi du Skujins. Bakarrik heldu da Murgileko gainera, tropelarekiko 40 segundoko aldearekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.