GIMNASTIKA ERRITMIKOA

Evgenia Kanaeva errusiarrak irabazi du gimnastika erritmikoko buruz burukoa

Erakustaldia eginda lehengo postua berea dela berretsi du azken urteotako izarrak. Zilarra Daria Dimitrieva herrikideak lortu du, eta brontzea, Liubou Txarkaxina bielorrusiarrrak. Taldekako finala bihar izango da (15:30) eta, horretan ere errusiarrak dira faboritoak, zalantza izpirik gabe.

2012ko abuztuaren 11
09:15
Entzun

Dotoreziaz, maisutasunez irabazi du gaur Evgenia Kanaeva errusiarrak gimnasia erritmikoko banakako finala, Londresko Wembley Arena estadioan. Azken urteotako izarrak lan bikaina egin du tapiz gainean eta urre kolorez jantzita bukatu du lehiaketa.  

Gimnasta errusiarrak buruan sailkatu zen atzo finalerako eta bera zen gaurko faborito garbia. Beste behin, ez du hutsik egin. 2008tik buruz buruko guztiak irabazi ditu. Hiru Munduko Txapelketa irabazi ditu, eta Europako lau. Pekinen urrea lortu zuen, eta Londresen lehenengo postu hori berretsi nahi zuen.

Ariketa guztietan benetan fin ibili da Kanaeva, perfekziotik hurbil. Lehenengo postuetan sailkatu da ia guztietan. Uztaian 29.350 puntu eskuratu ditu, pilotan 29.200, mazoan 29.450, eta zintan 28.900. Azkeneko ariketa horretan Daria Dimitrieva herrikideak puntuazio hobea izan du. Guztira, 116.900 puntu lortu ditu Kanaevak, bigarrenari 2.400 puntuko aldera atera diolarik. Onena da, bai. 

Sailkapenean, Daria Dimitrieva herrikidea izan zen bigarren, eta Bielorrusiako Liubou Txarkaxina hirugarren; 114.500 eta 111.700 punturekin, hurrenez hurren. 

Taldekako finala bihar izango da (15:30). Errusiarrak izan dira onenak sailkapen saioan eta bihar urrea irabazteko faboritoak dira. Nola ez dira faborito izango, banakako podiumean Kanaeva buru denean eta Dimitrievak atzetik jarraitzen dioenean. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.