TXIRRINDULARITZA

Ewanek bigarrena Giroan

Lotto taldeko esprinter australiarrak irabazi du zazpigarren etapa, eta jada bi garaipen daramatza aurtengo ekitaldian. Attila Valterrek maglia arrosari eutsi dio

Caleb Ewan, garaile, gaurko etapan. ITALIAKO GIROA
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 14a
18:23
Entzun

Huts egin zuen lehen ahaleginean, bigarren etapan, baina Caleb Ewanek (Lotto) jada neurria hartu dio aurtengo Italiako Giroan esprintean irabazteko moduari. Txirrindulari australiarrak asteazkenean lortu zuen aurreneko garaipena, bosgarren etapan gailenduta, eta gaur, bigarrenez nagusitu da, zazpigarren etapan. Hark izan du berriz ere pedal kolperik indartsuena azkeneko zuzengunean. Davide Cimolai (Israel) eta Tim Merlier (Alpecin) sailkatu dira haren atzetik. Ewanek bost etapa ditu irabaziak jada Giroan bere kirol ibilbidean.  

Sailkapen nagusian, ez da izan aldaketarik, eta Attila Valterrek (Groupama) maglia arrosari eutsi dio. Bihar sua egon daiteke, etapa gorabeheratsua baita zortzigarrena. Hirugarrenez ekitaldi honetan, goian amaituko da, Guarda Sanframondin. Hiru kilometro eskaseko igoera da, baina %10eko pendizako hainbat aldapa ditu bidean.

Bestalde, Mallorcako Challengeko bigarren saioa jokatu dute gaur, eta Jonathan Lastrasek (Caja Rural) oso gertu izan du garaipena. Bigarren izan da, Jesus Herradaren atzetik (Cofidis).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.