Ez da ezusterik izan Frantziako Tourreko hirugarren etapan. Esprintean erabaki da, eta Caleb Ewan (Lotto Soudal) izan da azkarrena. Amaiera aproposa zuen etapak Tourreko lehen abiadura esprint garbia ikus zedin, eta australiarrak bere legea ezarri du, atzetik aurrerako ahalegin ikusgarria eginda. Agudo abiatu dira esprinter gehienak, baina Ewanek babesean jarraitu du azken metroetara arte, eta bukaeran aurkari guztiak aurreratu ditu. Indarra eta teknika uztartuz lortutako garaipena izan da. Haren atzetik, Sam Bennett (Deceuninck) eta Giacomo Nizzolo (NTT) sartu dira.
Eguneko ihesaldia hiru frantziarrek osatu dute: Anthony Perezek (Cofidis), Benoit Cosnefroyk (Ag2r) eta Jerome Cousinek (Direct Energie). Lehen biek mendiko puntuak izan dituzte jomugan, eta hanka altxatu dute lehen bi mendateen ostean. Perezek berea zuen mendiko maillota, baina lurrera erori, eta lepauztaia hautsita utzi du lasterketa. Cousinek, berriz, ekinean jarraitu du, harik eta hamasei kilometroren faltan Deceuninckek harrapatu duen arte. Guztira 182 kilometro egin ditu ihes eginda.
Esprinta prestatzeko unea heldu da orduan. Tropelak bizitu egin du abiada, eta, buruan lehia handia izan den arren, amaiera garbia izan du etapak. Azken kilometroa zuzen-zuzena zen, aukerakoa ziklistarik azkarrenak euren artean lehia zitezen. Sunweb sartu da buruan, eta Peter Sagan (Bora) izan da esprinta abiatzen lehena. Urrutiegitik jo du, ordea. Bennettek indarrez egin du aurrera, eta tartea zabaldu. Haatik, hark ere haize gehiegi jan du. Ewanek kontrako estrategia erabili du, eta bikain atera zaio. Abilezia eta abiada handiz aurreratu ditu aurkariak, eta, hala, Tourreko bere laugarren garaipena lortu du. Sailkapen nagusian, ez da aldaketarik izan: Julian Alaphilippek (Deceuninck) jarraitzen du lider.