Exijentziaren eta espektatiben aurka

Osasunak asmo handiekin hasi zuen denboraldia, baina emaitzak ez dira nahi bezain onak izan. Ez dabiltza aurreko sasoian bezain fin, eta horrek min handia egin die gorritxoei lehen itzulian.

Osasuna-Reala
Osasunako jokalariak korner bat zaintzen, Realaren aurkako derbian. JESUS DIGES / EFE
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko abenduaren 29a
05:05
Entzun

Denboraldi hasieran, jakina zen Osasunarentzat oso zaila izango zela iragan sasoikoa berdintzea. Klubaren aurrekontua eta aurkariak ikusita, handia egin zuten gorritxoek. Zaleek ez dute erraz ahaztuko 2023. urtea. Denboraldiaren lehen zatian, ordea, ez dira nahi bezain ondo ari. Akaso, espektatibak handiegiak zirelako, baina, egiari zor, espero baino emaitza kaskarragoak lortu dituzte Jagoba Arrasateren jokalariek.

Europa ahaztu ezinik

UEFAk Osasuna Konferentzia ligatik kanpo uztea erabaki izanak min handia eragin zuen Iruñe aldean. Uda luzea izan zen, agintarientzat ez ezik, baita jokalarientzat ere. Europan jokatzeko ametsa zapuztu nahi izan zieten, eta gero, gainera, kontrario zail bat egokitu zitzaien kanporaketan: Brugge. Flandrian Europatik kanpo gelditu izanak eragin nabarmena izan du liga hasierako emaitzetan.

Jokalariek onartu dute erasan egin ziela, eta gertatutakoa barneratzea ez da batere erraza hain azkar doan futbol profesionalaren munduan. Joan den sasoiko taldearen nukleoa berbera den arren, konfiantzan alde nabaria dago denboraldi baten eta bestearen artean. Nahiz eta egin dezaketela erakutsi duten, ematen du ez dutela horretan sinisten. Iragan denboraldian, Espainiako Kopako kanporaketak gainditu ahala, taldea handituz joan zen, eta oraingoan, Espainiako Superkopa tarteko, hori izan daiteke sendagaietako bat.

Makal atzeko lerroan

Aurreneko hemezortzi jardunaldietan 29 gol sartu dizkiote Iruñeko taldeari. Alde horretatik, ligako talderik txarrenen artean laugarrena da. Almeriari, Granadari eta Vila-reali bakarrik sartu dizkiete gol gehiago. Lehen hamalau neurketetan, gainera, atera botatako jaurtiketen erdiak sartu zizkioten Osasunari. Datu kezkagarri horrek zera erakusten du: oso gol aukera garbiak izaten dituztela aurkariek. Azken asteetan erdiraketen bidez sartu diete gol gehien nafarrei. Erdiko lerroan jende garaia (Torro, Catena, Sergio Herrera...) eta buruz ondo doazenak (David Garcia) izan arren, ez dabiltza fin kornerrak eta faltak zaintzen. Catena fitxatu zuen udan Osasunak aurtengo denboraldirako, eta, azken sasoietan Rayon nola ibili zen ikusita, lehenengo egunetik onena emango zuela uste zen. Baina atzelari espainiarrari kostatzen ari zaio gorritxoen jokora ohitzea. Aridane joan izana uste baino gehiago nabaritu du taldeak.

Budimir, inoiz baino hobe

Udaberriarekin batera loratu izan da orain arte Ante Budimir. Ligako azken txanpan sartu izan ditu gol gehientsuenak aurrelari kroaziarrak azken denboraldi hauetan. Hasieratik golak sartzeko eskatu diote behin baino gehiagotan, eta horixe egin du Zenicako beltxargak. Dagoeneko zortzi sartu ditu: zazpi ligan eta bat Konferentzia Ligan. Hura da denboraldi hasierako jokalaririk nabarmenena. Budimirren golei, Raul Garcia de Harorenak gehitu zaizkie azken bi jardunaldiotan. Osasunaren historiako fitxaketarik garestiena izan da, baina kosta egin zaio gorritxoen elastikoarekin estreinatzea. Haatik, lehen jardunaldietan izan duen zama gainetik kendu duela ematen du.

Halere, jokalari batzuk aurrerapauso bat eman beharrean dira erasoko jokoan. Aurreko denboraldian, erabakigarriak izan ziren Chimy Avila eta Aimar Oroz. Lehenak protagonismo pixka bat galdu du, eta bigarrena, beste arlo askotan bikain dabilen arren, zelaiko azken metroetan ez da argitasun handirik izaten ari.

Etxean hobetu beharra

Zalantza izpirik gabe, Sadar da Osasunaren indargune nagusienetako bat. Historikoki, oso zaila izan da aurkarientzat han irabaztea. Baina etxean irabazi ezinik dabiltza gorritxoak sasoi honetan. Ez da hori gertatzen zaien lehenengo aldia. Orain dela bi denboraldi ere antzeko egon zen taldea: hemeretzi neurketetatik bost irabazi zituzten. Etxean baino puntu gehiago pilatu zituen Iruñetik kanpo. Lehen itzulian etxean jokatu dituen bederatzi norgehiagoketatik bitan baino ez da gailendu Jagoba Arrasatek gidatutako taldea.

Egia da ligako talde onentsuenetako askok bisitatu dutela dagoeneko Sadar: Gironak, Bartzelonak, Atletico Madrilek, Athleticek, Realak... 2024an egutegi errazagoa izango dute nafarrek. Urtarrilaren 4an Almeria jasoko dute, zeinak ez duen lehiarik irabazi. Baina Iruñean emaitza hobeak lortzea ezinbestekoa da sailkapenean estutasunik izan nahi ez badute. Sadar berriro ere gotorleku gorritxoa bihurtuz gero, jauzi handia egingo du Osasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.