FUTBOLA

Exijentziari lotu zaio

Talde txuri-urdinak ondo abiatu du lehia beteko sasoia, eta orain arteko helburu guztiak bete ditu aritu den hiru txapelketetan.

Reala-Benfica partida
Realeko jokalariak Benficari sartutako goletako bat ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2023ko abenduaren 28a
05:10
Entzun

Amorerik eman gabe, Realak eutsi egiten dio gorengo mailako lehiak behartzen duen erritmo bortitzari. Talde txuri-urdinak lan ona egin du sasoiaren lehen erdian, eta sasoi zamatuaren exijentziari arazorik gabe lotu zaio estreinako hilabeteetan, nola Espainiako ligan, hala Txapeldunen ligan eta Espainiako Kopan. Horren erakusle da denboraldiaren lehen erdirako ezarritako helburu guztiak bete egin dituela. Europan nabarmendu da batez ere, baina kopan eta ligan ere onenen multzoan sartu da, eta aukera guztiak eskura ditu. Bide horretan, garrantzitsuak izan dira erasoan izandako eraginkortasuna, defentsako lerroaren sendotasuna, eta zenbait futbolariren distira berezia.

Europako izarretan, dir-dir

Lehen hilabeteei erreparatuz gero, Realak batez ere Txapeldunen Ligan erakutsi du zein ondo dabilen. Multzoen fasea lehendabiziko postuan amaitu du, Inter Milan, egungo txapeldunordearen, Benficaren eta Salzburgoren aurretik. Eta, gainera, norgehiagokarik galdu gabe lortu du lidergo hori. Ez hori bakarrik; jokoan beste hiru taldeak baino gehiago aritu da fase osoan, eta distira berezia egin du partida gehientsuenetan. Batez ere, Lisboako taldearen aurka jokatutako bi norgehiagokak, Italiako klubaren aurka estreinaldian eginikoa eta Austrian jokatutakoa izan dira azpimarragarrienak.

Hala, Realak multzoen fasea amaitzeko partida baten faltan lortu zuen final-zortzirenetarako sailkatzea, eta azken jardunaldian ondo eutsi zion lidergoari, Interren estadioan. Sasoiaren lehen erdirako helburu nagusietako bat aise erdietsi du Donostiako taldeak.

Ligan, erritmoari eusten

Espainiako Ligan ere goiko postuetan dira txuri-urdinak. Erakutsi dute exijentzia handiko txapelketak uztartzeko gaitasuna, eta, gaur-gaurkoz, ez dute beheraldi nabarmenik pairatu. Ligaren erdia igarotzear da; partida bakarra falta da lehen itzulia amaitzeko, eta seigarren postuan dago, beste urtebetez Europara sailkatzeko borrokan. Bide horretan, lau puntura du Athletic —bosgarren dago—, eta zazpira Bartzelona —laugarrena da—. Lidergoaren borrokan Girona ere aritzeak garestitu egin du sailkatzeko lana. 

Nolanahi ere, Realaren talde nagusiak eutsi egiten dio lehiaketako erritmoari. Oraingoan ere horretan ari da, eta talde heldu bat dela berretsi du. Hiru partida soilik galdu ditu orain arteko hemezortzi partidetan —Alavesen aurka osatuko du itzulia, datorren asteartean—, eta galdutako partidak ohorezko postuetako taldeen kontra izan dira: Real Madril, Atletico Madril eta Bartzelona. 

Erasoaren eta defentsaren konparaketak adierazi dezake azken urteetako onaldi txuri-urdinaren arrazoietako bat, eta sasoi honetakoa ere ez da salbuespena. Gol gutxien jaso duen hirugarren taldea da, Betisekin berdinduta (18), eta gol gehien egin dutenen artean, seigarrena (29).

Kopan, bidea urratzen

Sendotasuna ez da izan Espainiako Koparen definizio justuena, baina Realak asmatu du orain arteko bidea jorratzen. Izan ere, gainditu ditu orain artean jokatutako bi kanporaketak, eta final-hamaseirenetan da jada. Harrobiko jokalari ugariz osatutako bi hamaikako zelairatu ditu bai Bunyolen eta bai Andratxen, eta bi neurketetan gol bakarraren aldeaz irabazi du (0-1). Andratxen, gainera, zelaiaren tamaina txikiak, belar artifizialak eta argiteria eskasak ezohiko kokalekura behartu zuten Reala, baina jakin zuen estutasun askorik gabe aurrera egiten. Distira txikiko norgehiagokak izanagatik, helburu handiak lortzeko beharrezkoa da haietan ere gailentzea. Realak Malaga izango du aurkari hurrengo kanporaketan; datorren astean jokatuko dute.

Imanol, lemari tinko helduta

Realaren hazkundea eta garai ona ulertzeko, kontuan hartu beharrekoa da nor den entrenatzailea: Imanol Alguacil. Teknikari oriotarrak bere neurriko taldea ondu du azken urteetan, eta irmo dago prestatzaile postuan. Hain justu ere, herenegun bete ziren bost urte berriz ere posturako izendatu zutenetik —aurrez bederatzi partida egin zituen aulkian—, eta aldi horretako balantzeak ona behar du ezinbestean.

Orain baino lehen eskuratu ditu klubaren historian geratuko diren lorpenak eta garaikurra, eta Europarako lau alditan sailkatzea dago lortutakoen artean. Hain justu ere, entrenatzaile gisa zuzendu dituen 170 jardunaldietatik hemezortzitan soilik egon da txapelketa kontinentaletarako postuetatik at. Abian den sasoian ere bide beretik doa.

Horri gehitu behar zaio, halaber, txapelketa ezberdinetan erakutsitako maila eta taldeari gehitu dion grina. Imanolek 255 norgehiagoka zuzendu ditu aulkitik, eta haietatik 123 irabazi ditu taldeak. Hau da, ia erdiak.

Etxekoen eta fitxatuen uztarketa

Realaren garai horretan teknikariak soilik ez, zelaikoek ere zeresan handia dute. Taldea gaztea izanagatik, multzo txuri-urdina heldu bilakatu da. Arlo horretan funtsezkoa izan da harrobikoen eta fitxatutakoen uztartzea. Urteek aurrera egin dute, eta jauzi handia egin dute zenbait jokalarik; Igor Zubeldia da horren adibide nagusietakoa. Azkoitiarra finkoa da Realaren eskeman, eta sasoiaren lehen ardia da horren adibide: Martin Zubimendiren ostean, denbora gehien jokatu duen zelaiko jokalaria da (1.411 min). 

Hain justu ere, erdilari donostiarra da Realaren egungo giltzarrietako bat. Zubimendi talde jokalaririk garrantzitsuena bilakatu da debuta egin eta urte gutxian. Txuri-urdinen makineria koipeztatzen du. Mikel Oiartzabalen eta Ander Barrenetxearen moduko etxeko jokalariak ere bolada gozoan dira; liga eta Txapeldunen Liga bat eginda, bederatzi gol sartu ditu 24 partidetan.

Haien ekarpena nola, kanpotik fitxatutakoen eginahala ezinbestekoa izan da sasoiaren lehen erdian maila on horri eusteko. Alex Remiro, Hamari Traore, Takefusa Kubo eta Brais Mendezen jarduna da horren adibide. Roberto Olabe futbol zuzendariaren eskutik ondutako bi adarren uztartzea arrakastarako gako bihurtu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.