Hileta itxurarik ez zuten nahi, baina ez zen erraza saihestea. Hori bai, hileta alaia izan zen, eta, bide batez, pilotaleku mitiko bati gorazarre egiteko eguna. Pala luzeak, «benetako palak», Joseba Gallaga Club Deportivoko eskolako fundatzaileak aste honetan deitu duen bezala, lau hamarkadaz bere etxeari izandakoari agur esan zion atzo. Dotore esan zion agur, gainera, harmailetan mila lagun inguru batu eta palista historiko andana elkartuta. Horien artean, baina, atsekabea nagusi zen, aurrerantzean pala ez baita kirol bera izango.
Tristura agerikoa zen. Agur, besarkada eta partida mitiko askoren kontakizunak egon ziren harmailetan, baina galdera bat zen nagusi jende multzoetan: «Eta orain zer?Aurrerantzean ez da pala izango, beste gauza bat izango da». Erantzuna Jesus Azurmendi palista ohi eta palaren ikertzailearena da. Gaur 44 urte dira Rekalde Zumardiko pilotalekuan lehen partida jokatu zenetik, eta han galtza zuriekin zen Azurmendi, besteak beste, Gallagaren aurka. Aurki palaren tenplua laburtu egingo dute, Club Deportivoko buruek lanak egin nahi dituztelako, eta bazkideen esku dago pilotalekuaren etorkizuna. Tartean, pala, pala motz bilakatuta, Miribillan jokatuko baita.
Jaialdi bikaina izan zen atzokoa, lau partidakoa. Hamar hilabete ziren han ez zela jaialdirik jokatzen, abenduaren 30az geroztik. Palistek musu truk jokatu zuten, Club Deportivok ez zuen alokairurik kobratu, eta sarrera dohainekoa izan zen. 1.000 ikusle inguruk aurkitu zuen euriarentzako babesa Club Deportivon, eta beheko harmaila bete egin zen. «Non sartu dira hauek guztiak azken urteetan?», galdetu zuen atzoko jaialdian jokaturiko pilotarietako batek.
Noizbait kiloko pala lodia eskuan harturiko oro zen bertan, eta baita izen handi asko ere: Gallaga, Azurmendi anaiak, Isusi, Juan Pablo, Insausti, Rekalde, Maruri, Langarika, Seve Arzelus, Zarandona, Alzibar... Denak, eta horien artean Miguel Gallastegi ere bai. Eibarko mitoak eskuzko partida asko jokatu zituen han.
Lau partidak onak izan ziren, eta une hunkigarrienak hirugarrenaren, estelarraren, ondoren iritsi ziren. Javi Iriondok eta Iñigo Urkiak erretiroa hartu dute, baina horiei eginiko omenaldia palista guztiei zabaldu zen. Fernando Castro Asfedebi eta Custom Sporteko intendenteak hartu zuen hitza: «Eskerrik asko palista guztiei, eta eskerrik asko Club Deportivori». Batek baino gehiagok lanak izan zituen malkoei eusteko.
Club Deportivoko azken tantoa Javi Iriondok lortu zuen. Sake errestoan hormabikoa eginez lortu zuen, eta orduan entzun ziren pala luzeak, benetako palak, bere etxean jasotako azken txaloak. Jendea ilaran irten zen pilotalekutik, astiro. Gehienek eskuinera jo zuten irtetean, euria ari zuen, eta hor zegoen aterpea. Puska batean metalezko pertsiana baino ez da ikusiko, eta berriz ere altxatzean pilotalekua motzagoa izango da ziur asko. Halere, paretako plaka bateko esaldiak iragan loriatsua gogoratuko du: «Club Deportivori esker onez, bere ohorezko apopiloa izanagatik. Sinatuta: Pala».
Ez da berdina izango
Hainbat garaitako palistak elkartu dira harmailetan, Club Deportivoko pilotaleku luzean jokatu den azken jaialdian. 44 urte luzeko ibilbidearen ondoren, kantxa laburtu egingo dute, eta pala betiko aldatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu