Ez da duela urte batzuetakoa

Trabzonspor asko indartu da azken urteetan kirol arloan eta ekonomikoki, eta fitxaketa garrantzitsuak egin ditu: Zokora Sevillako jokalari ohia, esaterako

jon eskudero
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Izena ez da izana. Eta Trabzonspor talde turkiarraren kasuan ere ez. Apurka-apurka bere bidea egiten ari den taldea da, eta nabarmen hobetzen ari dena. Oraindik izenez oso ezaguna ez bada ere, Turkiako talde handien pare ageri da dagoeneko. Urte batzuk badaramatza Europa mailako txapelketan parte hartzen, eta esperientzia ugari pilatu du. Azken urteetan asko indartu da, bai ekonomikoki eta baita kirol arloan ere, eta talde sendoa osatu du. Athleticek 2004-2005 denboraldian izan zuen Trabzonsporren berri, baina orduko talde hark eta egungoak ez daukate antza handirik. Zalantzarik gabe, behetik gora datorren taldea da, eta nazioarteko mailan zerbait handia egiteko gogotsu dagoena.

Turkiako ligan Besiktas, Galatasaray eta Fenerbahce izan dira aspaldian talderik entzutetsuenak. Egun, baina, Trabzonspor parean jarri zaie. Parean jarri, eta hainbati aurre hartu ere bai. Besteak beste, iragan sasoiko ligako txapeldunordea izan zen, Fenerbahcerekin berdinduta. Azken jardunaldira arte titulurako lehian aritu ziren bi taldeak, eta Trabzongoak bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen; halere, Kopa irabaziz gozatu zuen sasoia. Senol Gunes entrenatzaileari joko alaia egitea gustatzen zaio, gol aukera ugari sortzea. Gunes ezaguna da mundu mailan, 2002ko Munduko Kopan Turkiako hautatzaile izan zen, eta bere selekzioak hirugarren postuan bukatu zuen.

Joan den sasoiko ligan bigarren postua lortu ondoren, aurten Txapeldunen Ligara sailkatzeko aurrekanporaketa jokatu du Turkiako taldeak. Benfica izan du aurkari, eta kanpoan geratu da. Joaneko neurketa Portugalen jokatu zuten, eta 2-0 gailendu ziren etxekoak. Joan den asteazkenean Trabzonsporren zelaian jokatutako itzulikoa, berriz, 1-1 amaitu zen, eta Benficak lortu zuen Txapeldunen Ligarako txartela.

Jokalari on asko ditu Turkiako taldeak, batez ere erdiko lerroan, fitxaketak ere oso indartsuak egin baititu. Esanguratsuena Didier Zokora Boli Kostakoarena izan da. Zokora Sevillatik ekarri dute ia bost milioi euroren truke, eta taldearen motorra hura dela esan daiteke. Defentsan hobeto moldatzen den jokalaria da, baina tarteka golak egiten badakiena. Paulo Henrique brasildarra izango da ia ziur Zokoraren bikotea zelaiaren erdian. Beraz, taldea zuzentzeko bi jokalari indartsu ditu Trabzonsporrek.

Horiez gain, Halil Altintop —Real Madrilgo jokalariaren anaia bikia—, Colman, Glowacki, Brozek eta Mierzejewski dira jokalari esanguratsuenak. Azken horrek, zigortuta, ez du Athleticen kontrako joanekoa jokatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.