Athleticeko jokalarientzat ez da erraza izan behar ligako azken txanpari behar den tentsioarekin aurre egitea. Zama handia dela esan daiteke, ez baitaukate ezer jokoan. Ez egin kaso protagonista nagusiek Lezamako prentsa aretoan esan dutenari: Txapeldunen Ligarako sailkatzeko azken aukera dela, bizirik daudela, ez dela Europako Ligako joanekoan pentsatzeko mementoa… horrelako gauzak esatea eskatzen die egoerak, baina eurek ere ez dute sinesten esan dutena. Jokalariek beste inork baino hobeto dakite urrun, oso urrun dagoela laugarren postua. Beraz, aste hau baliagarria izan da futbolaren arlo batek nola funtzionatzen duen jakiteko. Talde profesional batetik igortzen duten mezua beti dago aztertu beharra. Aldagelaren onerako, pentsatzen dutenarekin zerikusi gutxi duten gauzak esaten dituzte.
Athleticek denboraldiko 55. norgehiagoka jokatuko du gaur. Asko dira. Futbolariek neka-neka eginda egon behar dute. Hankak baino gehiago burua. Aspaldiko hilabeteetan monotonian murgilduta daude eta: lan saioa, partida, hegazkina eta, berriz ere, entrenamendua. Ez dute beste ezer egin. Urtea hasi zenetik sei egun libratu dituzte. Beraz, nahiz eta gustura egon lortzen ari diren emaitzekin, nekagarria izan behar da. Atsedena, txip aldaketa, denok eskertzen dugu. Baita lehoiek ere. Ez baita erraza astean bi partida jokatu behar izatea. Horretara ere ohitu egin behar da gorputza zein burua.
Athleticek ligarekin zer egin ez dakiela bisitatuko du Katedrala Mallorcak. Irletako taldeak badaki zer egin behar duen. Geratzen diren sei jardunaldietan beste bizpahiru puntu eskuratu eta onenekin jarraitzeko txartela bermatu nahi dute. Ez da gutxi. Azken urteotan krisi ekonomiko latza ari da izaten Mallorca. Horrek eragin zuzena izan du kirol arloan. Taldeak maila galdu du, eta, egun, lanak ditu indartsuenen pare aritzeko. Hala ere, ezer gutxirekin aparteko arazo barik eutsiko dio Lehen Mailari. Ondo bidean, azken hiruzpalau jardunalditan lasai jokatzeko aukera izango du. Eta horren errudun nagusia Joaquin Caparros da.
Sevillan, A Coruñan eta Bilbon egin zuen legez, talde mugatuak kudeatzen maisua dela erakutsi du beste behin Athleticeko entrenatzaile ohiak. Gaurko neurketarako ere izango du prestatua tranpa bat edo beste. Ziurrenik, kontraerasoan min egiten saiatuko da San Mamesek txaloz hartuko duen teknikariaren taldea.
Ez da erraza motibatzea
Lau egun barru Europako Ligako finalerdia izanda, Athleticentzat ia ezinezkoa da gaur Mallorcari behar bezalako arreta eskaintzeaLehiatzea, itxura ona ematea eta minik ez hartzea da norgehiagokako helburu nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu