Ez da ezer amaitu

Ligako tokirik zailenetariko batean ahaleginduko da Reala bihotza altxatzen. Ez galtzea sari benetan baliotsua litzatekeMontanierrek Osasunaren aurkako hamaikakoaren alde egin dezake

Antoine Griezmann, etsita, aukera bat huts egin ondoren, Osasunaren aurkako partidan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Realaren osasun egoeraren erradiografia zehatza ikusiko da gaur Mestallan. Beste modu batean esanda, Espainiako Kopan Mallorcaren aurka jasotako muturreko bortitzak eragindako zaurien tamaina. Ziur haragi bizian zelairatuko direla Philippe Montanierrek entrenatzen dituen jokalariak. Ezin liteke beste era batera izan, eta soilik jaitsiera postuetatik aldenduz topatuko du sendabiderik eraginkorrena. Gisa horretako danbatekoek ondorioak uzten dituzte, eta Realari dagokio larritasuna lehenbailehen arintzea. Ez dauka azalpenak ematen segitzeko astirik, ligan estu baitabil sailkapenaren ondorioz.

Jokoz, aldiz, denboraldiko garairik oparoenean dago, nahiz eta asteazkenekoaren ostean nekez topa daitekeen baieztapen horren zentzua. Hortik eraiki zuen txuri-urdinen entrenatzaileak gaurko neurketaren atariko hizketaldia. «Ez da lan samurra Mallorcako huts egitea barneratzea. Halere, horretara derrigortuta gaude baldin eta bidean aurrera egin nahi badugu. Abendutik hona egiten ari garen lan ona ezin dezakegu pikutara bota. Maila ona eman dugu, eta istripua latza izan bada ere, bolada baikorrari eutsi behar diogu», esan zuen atzo Zubietan.

Zuzen dabil. Kopako hanka sartzeak liga amaitu bitarteko oinazeak utziz gero, larrutik ordain dezake Realak. Beharbada, sasoiko garairik garrantzitsuenean sartu da. Betisen zelaian bihotza altxatu eta gero, gorakada itzela izan du haren jokoak, emaitzek gardentasunez islatzen ez dute arren. Elustondo-Aranburu-Zurutuza hirukoa elkar hartzen hasi zenetik, taldearen taupadak egonkortu egin dira, sendotu eta horiek gogoratzean dago aurrera egiteko gakoa. Bere eginahaletan benetako ustea izateko une egokiena da. Bat eginez, eta hileta jantziak erantziz.

Gertatzen dena da Realarentzat Mestalla berez gaiztoa dela— zortzi garaipen baino ez ditu eskuratu 60 partidatan—, eta gertatutakoa gertatuta, atera kontuak. Joan den denboraldian Reala ez zen aurkari izan, eta ordu erdian utzi zuten erabakita neurketa Soldadok eta enparauek. Hain zuzen, Mestallako golegilerik onenaren hutsunea izango da neurketako aipagarriena — hemeretzi daramatza orotara—. Hori bai, horretan ere estatistikak etxekoen aldeko dira: Soldadorik gabeko lau neurketak irabazi egin ditu. Besteak beste, Aritz Adurizek ederki hartu izan diolako lekukoa. Donostiarrak gola sartu zuen Vila-realen zelaian joan den astean, eta hasieratik aritzekoa da. Hala nola, aldaketa gehiago egingo ditu Unai Emeryk. Itxuraz, sormen lerroa moldatu egingo du Pablo, Parejo eta Piattiri aukera emanez. Bost neurketa jokatuko ditu Valentziak hurrengo bi asteetan, eta txandakatzeei ekin die hondarribiarrak. Badaki txuri-urdinak dardarka datozela, eta ohikoak ez direnak pizteko aukera ona iruditzen zaio. Orain artekoan benetan zorrotz aritu dira etxean: sei partida irabazi dituzte, bi berdindu eta bakarra galdu, Real Madrilen aurka. Alegia, ligako bi boteretsuenen atzetik ibilirik sendoena daramana da. Horri egin beharko dio aurre Realak.

Llorente berriro deialditik at

Gorka Elustondo kilo-kolo dagoenez, hemeretzi lagun eraman ditu Montanierrek Valentziara. Lau berritasunekin: Bravo, Mikel Gonzalez —hasieratik ariko dira biak—, Carlos Martinez eta Pardo. Ramirez, De la Bella eta Iñigo Martinez —zigorra beteko du gaur— utzi zituen hegazkinetik kanpo. Joseba Llorente ere deialditik at geratu zen berriro, baina hori jada ez da ezustekoa.

Osasunaren aurka hasieratik aritu zen taldearen alde egin dezake Montanierrek. Esaterako, Carlos Martinezek joka dezake Cadamuroren ordez. Estradak eskuinetik ezkerrera egingo luke hortaz. Erdiko atzelari postuan Demidov eta Mikel Gonzalez ukiezinak dira. Makina gelarako ordezkariak mugitzea Elustondoren baitan dago. Jokatuko ez balu, Markel eta Marigaren artean aukeratuko du. Kenyarrak taldea uzteko benetako aukerak dituenez, kosta egiten da ulertzea zer dela-eta jarraitzen duen zelai erdirako lehen aldaketa izaten. Erasoan zalantzarik ez, Griezmannek, Velak eta Agirretxek tokia ziurtatua dute eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.