Italia 0-Costa Rica 1

Ez da ezustea

D multzoko ustezko ahulena final-zortzirenetara sailkatu da partida baten faltan, taldeko joko ikusgarria erakutsiz berriz ere.  Italiak eta Uruguaik elkarren aurkako partidan erabaki beharko dute zein den beste sailkatua. Ingalaterrak ez du aukerarik.

Costa Ricakoak, garaipena ospatzen. YURI KOCHETKOV / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 20a
20:48
Entzun

Multzoz osatutako txapelketaren bat dagoen bakoitzean, ohitura izaten da multzorik zailenari 'heriotzaren multzoa' deitzeko. Munduko Kopa honetan, D multzoa bataiatu zuten horrela. Eta arrazoiarekin. Costa Ricak akabatu egin ditu ustezko hiru indartsuenak: Ingalaterra Uruguai eta Italia. Lehen partidan, Uruguai azpiratu zuen (3-1), eta gaur Italia (0-1). Sailkatua dago final-zortzirenetarako partida baten faltan. Handia egin du, izen gutxiko taldea delako. Baina ez da hain handia lorpena ze talde landua eta orekatua den erakutsi eta gero.


Ez da ezustea Costa Ricarena. Makina automatikoa ematen du zelaian: une guztietan zer egin behar duten ondo baino hobeto dakite jokalariek. Mekanizatua dute dena, eta ez hori bakarrik; hau garrantzitsuagoa da: egiten duten mugimendu oro zergatik egiten duten ulertuta daukate jokalariek. Hor entrenatzaile handi baten lana dago. Handia delako Jorge Luis Pinto. Izenez ez, baina hor konpon izenak. Ezkutuan, argien fokuetatik kanpo lanean zoragarri ari  diren entrenatzaile anonimo horien guztien paradigma bilakatu da Pinto kolonbiarra.


Marrazkia 5-4-1 erabiltzen du. Hori du oinarria. Gero, taktikoki, defentsako lanean, presioa egiten du, lerroak atzeratu ere bai, defentsako lerroa asko aurreratzen du... Erasoan, baloia zelaiaren gainean erabiltzea gustatzen zaio (bigarren zatian, une batean izan duen jabetza, zoragarria izan da); kontraerasoan ere zitala da; eta geldikako jokaldietan, batez ere ezkerretik ateratzen dituztenetan, sekulako mina ematen du, Bolaños sakatzailearen baloi-jotze zehatza baliatuz.


Aurreko egunean Uruguai desagerrarazi zuen zelaitik. Gaur, Italia. Direna baino askoz talde txarragoak direla eman dute Costa Ricaren aurka, eta hori, batere dudarik gabe, 'tico'-en lanaren ondorio da. Errespetu handiz hasi dute partida bi taldeek. Baloia ez galdu nahian, opariak ez egitera. Lehen egunean hiru puntuak batu izanak eman dien aukera izan da.


Pixkanaka, Italia nagusituz joan da lehen zati horretan. Baloia zelaiaren gainean ibiliz ez zuen minik ematen, eta beste aukera baten alde egin du, Pirloren baloi-jotze zehatza baliatuz: Costa Ricakoen azkeneko lerroaren bizkarrera pase luzea ematea izan dute konponbide. Balotellik gutxi behar izan du bitan gola sartzeko, baina ez du asmatu. Pirlo aske ibili da une horretan, eta ia-ia garesti ordaindu du Costa Ricak.


Batek asmatu ez, eta besteak asmatu. Costa Ricak egin du gola 44. minutuan. Bryan Ruiz kapitaina bikain sartu da atzeko lerrotik bigarren zutoinaren atzera, eta buruz sartu du gola, Bolañosen pase doitua baliatuz. Atsedenaldira joan dira segituan.


Bigarren zatian, Prandelli Italiako entrenatzaileak Casanno sartu du, Mottaren ordez. Erasoko baliabide bat gehiago. Berriz ere baloia zelaiaren gainetik ibiliz saiatu da Italia erasoan, baina ezin zulorik aurkitu. Denak estali dizkio Costa Ricak, talde lan bikainari eta landuari esker. Laguntzak, baskulazioak... ondo baino hobeto egiten ditu taldeak, eta aurkariak gainditzen baditu armiarma sare horiek, atezain bikaina dute: Keylor Navas.


Gidoi horren gainean idatzi dute bi taldeek bigarren zatia. Italiak baloia bai, baina minik egin batere ez, nahiz aeta Insigne eta Cerci ere zelaian izan. Atera kontuak, aukera bat bera ere ez du sortu eta bigarren zati horretan. Costa Rica aldiz, eroso. Baloirik gabe eta baloiarekin. Eta partidaren bukaeran, festa handia: 1990eko balentria berriz lortu du. Final-zortzirenetan da berriz. Baina ez da ezustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.