Dena zeukan Baiona eta Miarritzeren arteko euskal derbiak errugbiaren festa handia bilakatzeko: larunbatez jokatzea, arratsalde hasieran, goizean aperitifa eta eguerdian bazkaria egiteko denborarekin; partida ondoren ere Baiona Ttipian parranda polita egiteko perspektiba... 2011-2012ko Baiona eta Miarritze, baina, ez daude festarako. Sasoi txarra egiten ari dira Lapurdiko bi hamabostekoak. Miarritze jaisteko postuetan egon da luzaz, azken asteetan suspertu baino lehen. Baionak, berriz, Munduko Kopa nola edo hala kudeatu ondoren, hondoa jo du asteak pasatu ahala, eta gaur egun biziki zaila dauka Top 14an jarraitzea.
Baionako zaleak ez daude besta eta irrirako. Haserrearen gorena, orain bi aste Perpinyan galdutako partidaren ondotik etorri da. 47-9 galdu zuen Baionak, Bigarren Mailara jaisteko aurkari zuzen baten aurka. Gehiegizko zartakoa, hainbat kolpe hartu dituzten baionar zaleentzat. Baionako zaletuen peñek komunikatu bateratu bat atera dute jokalariei «elastikoari ohore» egiteko galdetuz, eta zaleen «mobilizazio orokorra» aldarrikatuz. Petrala izan den sasoi baten ondotik,etxean Miarritzeren aurka galtzea umilazio gorena izanen litzateke.
Jokalarien artean ere Perpinyan erakutsitako itxurak hautsak harrotu ditu. Jean Pierre Elizalde kaleratu ondoren, jokalariek promes egin zuten izerdia erruz botako zutela, mailari eusteko. Kataluniakoaren ondotik, aurpegiak itxi dira. «Ziklo negatiboan gaude», azaldu du dio Cedric Heymans Baionako gibelekoak:«Buruan ez gara azkarrak izan, eta partida maldan gora ezartzean, Perpinyari eman diogu».
San Leonen denek diote erran beharrekoak erranak izan direla porrotaren ondotik. «Kirol honetan, gogorik eta grinarik ez badago, ezin da deus egin. Aldageletan gauza anitz erran dira, egiak aurpegira bota dira, eta orain aitzina begiratzeko garaia da», aitortu duDidier Faugeron entrenatzaileak. Penitentzia, aurkari historikoaren bizkar etorriko al da ? Horrela ezean, Faugeronen ustez Baionak agur erranen lioke Top 14ari : «Galduz geroz, dena akabo. Ez du balio gezurrik erratea». Lionel Mazars iritzi berekoa da. «Irabazi behar dugu, kosta ahala kosta, bestela gureak egin du».
Presioa Baionak
Derbi honetan presioa Baionaren sorbaldetan egonen da, eta Miarritzen argi daukate hori: «Baionak soka lepoan dauka. Horrelakoetan, urduritasuna nagusi izaten da. Badakigu sekulako borroka izanen dela, baina urduritasun hori baliatzen asmatu behar dugu» aztertu du Patrice Lagisquet Miarritzeko errugbi zuzendariak. Xuri-gorriek liga hasieran bizi izan zutenBaionaren egoera: «Krisia gainean genuelarik, ez dugu dena hankaz gora ezarri. Inor ez da kalera joan, eta pixkanaka itzulia eman diogu egoerari». Miarritzek zuzendu du bidea, Baionak ez.
Azkenean, bi estilo arras desberdineko klubak dira Miarritze eta Baiona. Agilera aldean, Gasteizko Baskoniaren antzera kudeatzen dira gauzak: isilpean, familian eta harrabotsik egin gabe. Baionan, berriz,edozein arazo psikodrama bihurtzen da, eta beti sekulako krisiak sortzen dira: dela entrenatzailea, jokalariak edo presidentea... Aldaketak, krisiak, zurrumurruak eta zaleen haserrea. «Baionan pasio anitz dago. Gauzak ongi doazenean, sekulako laguntza da pasio hori, baina zerbait pentsatu bezala ez bada ateratzen, berehala sekulako krisia sortzen da», laburbildu du Cedric Heymansek.
Estiloak estilo, derbia jokatu aurretik Miarritze erosoago dago. «Sailkapenean gora egin duguazken bost partidak jarraian irabazi ditugu, eta lasaiago ari gara» azaldu Patrice Lagisquetek. Aldagelako giroak ere hobera egin du Arnaud Hegiren iritziz: «Giro hobea dago, txantxa gehiago... Lasaitasunean lan egiten hasi gara».
Agilerako taldeak zuhur agertu nahi du. Azken egun hauek Landetan pasa ditu bilduta, derbiaren presioari ihes egiteko. Gaur irabazita, Top 14an segitzea matematikoki segurtatuko luke, baina Serge Blanco presidenteak oraindik ez du bere burua salbatuta ikusten: «Berriz galduz geroz dinamikak iraultzen ahal dira. Baiona gora etorri daiteke, eta gu berriz zuloan sartu». Diskurtso ofizialaren gibeletik, Miarritze bere buruaz segur nabari da. Dagoeneko, Europako Challenge-an dauka burua: «Challengeko finalerdia sasoi bukaerako helburua izanen da. Kopa hau irabaztea da gure aukera bakarra hurrengo sasoian Heineken Kopan aritzeko» aurreratu du Lagisquetek.
Segurtasun hori izan daiteke, agian, Baionaren aldeko faktore bakarra. Azken asteetako Miarritzeren dinamika askoz hobea da: bost garaipen jarraian lortu ditu, Yachvili eta Hariñordoki sasoi betean daude, eta jokoan konfiantza berreskuratu du. Parean, Baiona zartako handi bat jaso ondoren ariko da. Jokalarien eta zaleen artean tentsioak izan dira egunotan, eta zelaitik kanpoko polemikek ere ez dute lagundu, Afflelou presidentearen dimisioaren zurrumurrua kasu. Baina, derbia beti da partida berezia, eta dudarik gabe zaleak Baionako jokalarien gibelean izanen dira. Estadioa beteta izanen da, eta 17.000 ikusleek aspaldi agrotu zituzten txartel guztiak.
Hamabostekoei dagokienez, Miarritzen daude zalantza gehienak. Lauret, August eta Bosch min hartuta daude. Hegi eta Carizza, aldiz, osatu dira eta zelaian izanen dira. Barcella, Traille eta Ngwenyaren parte hartzearen inguruan zalantzak daude, baina azken biek hasieratik jokatu beharko lukete. Baionan, berriz, Boyet, Baget eta Sam Gerber min hartuta daude. Bageten hutsunearen ondorioz, Lionel Mazars izanen da Baionako kapitaina.
'Bizilagunen' derbia
Gaurko partida Miarritzeko jokalari batentzat izanen da berezia. Arnaud Hegi Miarritzen ari da, uda honetan Baionatik Agilerara joan ondoren. Lehen partida jokatuko du Baionan, bisitarien elastikoarekin. 12 urterekin hasi zen Baionako Avironen errugbian Hegi, eta bertan 15 urte pasa eta gero, Miarritzen ari da orain. Derbiaren bezperan, begi guztiak bere gainean egon dira. Buruan Miarritze bakarrik daukala dio, baina partida berezia izanen dela aitortu du: «Hainbeste urte Baionan pasa eta gero zaila izanen da. Irabazten badugu, Baiona Bigarren Bailara bidaliko dugu, eta badakit horrek min eginen diela nire lagun askori».
Arnaud Hegi denen begipean baldin badago ere, beste jokalari batentzat, arratsalde honetako euskal derbia berezia izanen da. Aretz Iginiz 20 urterekin joan zen Baionara, gaztetan Hendaiarekin aritu ondoren. Baionan pasatako zortzi sasoietan, Arnaud Hegiren adiskide handia bihurtu da. Hegi eta Iginiz, gaur ere etxe berean bizi dira. Biak eraikin berdinean bizi dira, bakoitzak bere pisua daukan arren.
Egoera bitxia izanen da, beraz, etxe berdina partekatzen duten bi jokalarientzat. Atea pasatzea aski dute, bata bestearen parean egoteko: «Zorte hori daukagu, biak klub desberdinetan egon arren, leku berean bizi ahal izana» zehaztu du Iginizek. Etxean elkarren ondoan egon arren, zelaian oraindik ez da horrelakorik gertatu. Joaneko partidan, Aretz Iginiz hasieratik aritu zen, eta Hegi ordezko gisa zegoen. Miarritzek Hegi zelairatu eta lau minutura, Baionak Iginiz atera zuen. Bata bestearen parean egoteko denbora gutxi.
«Uztartzerik ez genuen egin batak bestearen aurka» oroitu da Hegi. Milafrangakoa eta Hendaiakoa lehen lerroan ari dira, Hegi aztalkari gisa eta Iginiz harroin postuan. Lehen lerroko postu berezia da errugbian, eta uztartzeetan lehia zuzena izaten da. Itzulerako derbian, joanekoanez bezala, uztartzeko borrokan biak parez pare egotea desiratzen dute. Horretarako, biak hasieratik aritzea errazagoa izanen da. Miarritzen, Benoit August min hartuta dago, eta Romain Terrain eta Arnaud Hegi lehian daude aztalkari postuaren jabe izateko. Baionan, azken asteetan Aretz Iginizek bere maila onena berreskuratu du, eta xuri-urdinen uztartzearen ezkerraldea berea da. Agileran gertatu ez bezala lehen lerroko bi adiskideen arteko uztartze bat baino gehiago ikusi beharko lirateke Jean Daugerren.
Iginiz eta Hegiren kasua, iraganeko derbien sinboloa da. Bi taldeak hain hurbil egonik, lehen ez ziren hain arraroak talde batean ala bestean lagunak edo sendiak elkarren aurka jokatzen ikustea. Gaur egungo errugbian atzerritarrek hartu dute lekua, eta euskal derbiak xarma hori galdu du. Hegi eta Iginiz, baina, oraindik ere euskal errugbia osasuntsu dagoenaren seinale dira.
Ez da festa izango
Baionak eta Miarritzek jokoan izugarri izanen duen derbia jokatuko dute gaur, usaiako partiden jai izpiritutik urrunBaionak Top14ari agur esan diezaioke, eta Miarritzek mailari matematikoki eutsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu