Argi dago nahi bezain ondo ez dutela hasi denboraldia Zaragozak eta Osasunak. Orain arte jokatutako lau jardunaldietatik hirutan izan dira galtzaile Manolo Jimenezek eta Jose Luis Mendilibarrek entrenatzen dituzten taldeak. Biek ala biek azken jardunaldian lortu zuten denboraldiko lehen puntua. Zaragozak hiru eskuratu zituen, Espanyolen zelaian irabazita. Osasunak, berriz, bakarra lortu zuen, Nafarroako Erresuman Mallorcarekin berdinduta. Puntu premian diren bi talde izango dira, beraz, aurrez aurre gaur arratsaldean, Romareda futbol zelaian.
Final kutsua izan dezake gaurko partidak. Jose Luis Mendilibarrek, hala ere, ez du uste horrelakorik. Zaragoza eta Osasuna behartuta daude irabazten saiatzera, hori bai, baina ez irabaztera behartuta, final hitza aipatzen hasteko «goizegi» baita, Osasunako entrenatzailearen aburuz. Dena dela, argi dago gaur arratsaldeko lehia irabazten duenak arnasa apur bat hartuko duela, goiz izanagatik, sailkapenean hasiera-hasieratik hondoratuta geratzea inori ez baitzaio gustatzen.
«Bi taldeak puntu gutxigaz iritsiko gara partidara, eta irabazten duena hobeto irtengo da. Baina horrek ez du esan nahi biharko [gaurko] partida final bat denik edo derrigorrez irabazi behar dugunik. Derrigorrezkoa lana egitea da, irabazten ahalegintzeko ahal dugun guztia egitea, hori bai. Baina aurrean izango ditugun 11 jokalariek ere irabazi egin nahiko dute, eta ikusi egin beharko da. Aurkariarekin gehiegi pentsatu gabe gure mailan jokatzea lortzen baldin badugu, seguru irabazteko aukera izango dugula. Hori bai, haien atzetik korrika egitera soilik irteten baldin bagara, galduko dugula ere segurua da», esan zuen Mendilibarrek.
Denboraldiko bosgarren partida besterik ez da, eta arrazoia dauka Osasunako entrenatzaileak final bat ez dela esaten duenean. Baina behingoz partida bat irabaztea —eta aurkari zuzen baten zelaian, gainera— benetan garrantzitsua izango litzatekeela ere badaki entrenatzaile zaldibartarrak, jokalariei presioa kendu nahi baldin badie.
Hiruzpalau aldaketa
Partida bezperako lan saioan albiste txarrak jaso zituen Mendilibarrek. Damiak eta Bertranek ez zuten entrenamendua osatzerik izan zenbait arazo fisikoren ondorioz, eta biak deialditik kanpo utzi behar izan zituen. Aintzat hartuz gero lehen lau jardunaldietan atzealdearen hegaletan aritu diren bi jokalariak direla, begibistakoa da zer garrantzitsua den horiek ez aritzea. Mendilibar lasai dago, hala ere: «Horretarako ditugu 25 jokalari», esan zuen. Bertranen tokian Oier ariko da, eta, Damiaren lekua betetzeko, Etxaideren eta Nanoren arteko hautua egin beharko du Mendilibarrek. Gainera, partida bateko zigorra bete ostean, Arribas jokatzeko moduan denez, bi ez ezik, hiru aldaketa izan daitezke atzelarien lerroan. Horrez gain, Joseba Llorentek partida bateko zigorra bete beharko du, eta badirudi haren tokian Kike Sola ariko dela.
«Ez da final bat»
Mendilibarrek azpimarratu du Osasuna eta Zaragoza ez daudela irabaztera behartuta lau partidatatik hiru galdu dituzten arrenAldaketak izango dira atzean, Damia eta Bertran Iruñean geratu baitira, min hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu