«Ez da gure arazoa soilik»

Philippe Montanierrek azpimarratu du Realari ez ezik talde gehienei ere kostatzen zaiela etxetik kanpo irabaztea

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ohitura da jada. Realeko jokalari bat edo entrenatzailea prentsa aretora azaldu, eta berehala dator galdera: taldeak zergatik ez du jokatzen etxetik kanpo Anoetan jokatzen duen bezala? Ez da harritzekoa matraka, misterio kutsua hartzen ari baita talde txuri-urdinak zaleen babesetik urrun egiten duen lana. Ezin leporatu erregularra ez denik: beti eman izan du itxura eskasa. Emaitzak ere emandako itxuraren araberakoak izan dira: Anoetatik kanpo jokatu dituen azken 11 partidetatik zortzi galdu ditu, eta hiru berdindu. Hau da, jokoan egon diren 33 puntuetatik hiru bakarrik eskuratu ditu. Oso urruti egin behar da atzera talde txuri-urdina etxetik urrun nagusi izan zen azkeneko aldiaren berri izateko: bederatzi hilabete. Orduan, 2012ko urtarrilaren 14an, Realak 0-1 irabazi zuen Mestallan.

«Nahiago dut partida zehatzei buruz hitz egin», esan zuen Philippe Montanierrek atzo lehen galdera taldeak etxetik kanpo daraman bolada txarraz zela ikusi zuenean. Eta horixe egin zuen Realeko entrenatzaileak jarraian, taldeak etxetik kanpo jokatutako neurketak banan-banan aztertu, luze eta zabal. «Mallorcan txukun aritu ginen lehen zatian, baina ez bigarrengoan. Bisitari gisa jokatu dugun beste partida Bartzelonaren aurka izan da, eta, niretzat, zelai horretan gertatzen dena ezin da erreferentzia izan. Aurreko sasoiko azken asteetan, berriz, taldeak partida onak jokatu zituen, eta bakarra galdu zuen. Malagan berdindu egin genuen, jokalari bat gutxiagorekin jokatu arren, eta Atletico Madrilen zelaian ere puntu bat eskuratu genuen. Hori da jarraitu behar diogun bidea. Etxetik kanpo ez irabaztea ez da bakarrik Realak duen arazoa. Denei kostatzen zaie. Lanean ari gara gauzak aldatzeko, eta ziur naiz baliabideak ditugula etxetik kanpo emaitza onak lortzeko».

Montanierrek espero du bihar Valentzian (Herrialde Katalanak)bolada txarra etetea, eta gutxienez denboraldi honetan lehen aldiz Anoetatik urrun punturen bat lortzea. «Igande honetan eskuratu nahi ditugu kanpoan lehen puntuak. Badakigu ez ditugula aterako Anoetan jokoan egongo diren puntu guztiak, eta horregatik behar dugu etxetik kanpo ere puntuak batzea, sailkapenean oreka bat lortzeko. Erronka da, baina ez obsesioa».

Realeko entrenatzailea, halere, Levanteren zelaian irabaztearen zailtasunaren jakitun da. «Gogorra izango da», azpimarratu zuen. Frantziarrak ez du uste aurkariak nekea sumatuko duenik—Levantek Europako Ligako partida jokatu zuen herenegun, eta bi atseden egun bakarrik izango ditu—. Aitzitik, uste du herenegun irabazi izanak «konfiantza» emango diola eta konfiantza horrek estali egingo duela ustezko «nekea».

Agirretxe bai,Agirretxe ez

Taldeari dagokionez, Montanier zuhur mintzatu zen Imanol Agirretxeren osasunaz. Aurrelariak giharretako arazoak ditu, eta zalantzan dago garaiz osatuko den. «Hobeto dago. Batez ere, gaur [atzo] egin du hobera. Ikusiko dugu bihar [gaur] nola dagoen, gaurko saioa indarberritzeko izan baita. Ea sasoiko dagoen eta deialdian sartzen den».

Antzera hitz egin zuen Agirretxek berak. «Hobeto sentitzen naiz azken hiru egunetatik hona. Gaur [atzo] ondo ikusi dut neure burua egin ahal izan dudan lan apurrean. Biharko [gaurko] saioa gogorragoa izango da, eta orduan ikusiko dugu jokatzeko prest nagoen edo ez. Joateko amorratzen nago, baina nahiago dut errealista izan».

Azkenean Agirretxe osatuko ez balitz, Diego Ifranek ohi baino aukera gehiago izango lituzke jokatzeko. Aurrelari uruguaitarrak herenegun ez zen konforme azaldu, Montanierrek jokatzeko aukera gutxi ematen dizkiola eta. Horretaz galdetuta, entrenatzaileak esan zuen ez dela azaltzen zergatik jokatzen duen jokalari batek edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.