Ibili, asko ibili da gaur Athletic San Mamesen, baina ez da garaipenaren helmugara iritsi. Aurreranzko pauso onak eman ditu, baina ez du askorik asmatu Celtaren atearen aurrean, eta, gainera, atzerantz ere egin behar izan ditu urrats asko, galiziarrek ere eduki dituztelako aukerak gol gehiago sartzeko. Bana egin dute, bigarren zatian Rafinhak kanpotarrak aurreratu izana Raul Garciak berdindu ondoren, penaltiz.
Atean Iago Herrerin zela jokatu dute etxekoak, Unai Simon gaixorik baitago. Lan ona egin du, kanpotarren aukera gehienak geratu edo urrundu baititu. Lehen zatiaren azkenera, Rafinhak eta Santi Minak izan dituzte aukera garbi askoak. Athleticek ere bai, lehenagotik; Raul Garciak eta Muniainek, esaterako, gola sartzeko modukoak eduki dituzte. Galiziarrak haien atean sartzear ere egon dira, Murilloren bitartez.
Bigarren zatiaren hasieran, Yurik izan du zuri-gorriak aurretik jartzeko aukera ona, baina Rafinhak asmatu du, 56. minutuan. Yerai jo du jaurtiketak, eta sarera joan da baloia. Rafinhak berak bigarrena sartzeko aukera izan du gero, baina Herrerinek galarazi dio. Etxekoak suspertu egin dira segituan, eta bi aukera on izan dituzte Villalibrek eta Raul Garciak. Azken horrek 76. minutuan egin du berdinketa. Hortik amaiera arteko minutuetan, etxekoak izan dira nagusi, baina berriz ere Villalibrek eta Raul Garciak ez dute bete-betean asmatu garaipeneko gola sartzen.
Zuri-gorrien hurrengo erronka Espainiako Kopa izango da. Asteazkenean ariko dira Elxen (Herrialde Katalanak), Bigarren Mailako aurkaria parez pare dutela, 19:00etatik aurrera.
FITXA
Athletic 1: Iago Herrerin; Capa, Yerai, Iñigo Martinez, Yuri;
Dani García, Unai López; Williams (Lekue, 81. min.), Muniain, Ibai; eta
Raul García (Villalibre, 66. min.).
Celta 1: Ruben Blanco; Kevin Vazquez, Araujo, Murillo, Olaza;
Okay Yokuslu, Rafinha (Denis Suárez, 79. min.), Fran Beltran; Brais
Mendez (Aidoo, 87. min.), Iago Aspas eta Santi Mina (Pape Cheikh, 68. min.).
Golak: 0-1: Rafinhak (56. min.). 1-1: Raúl Garciak, penaltiz (76. min.).
Epailea: Medie Jiménez. Txartel horiak: Athleticeko Capa, Unai Lopez, Yuri eta
Iñigo Martinezi; eta Celtako Araujo, Ruben eta Kevin Vázquezi.