«Inork ez du jokatu aurretik irabazten. Dohainak zelaian erakutsi behar dira». Marcelo Bielsak ez du ezustekorik gura. Entrenatzaile zuri-gorriak denetarik ikusi du futbolean, eta esperientziak erakutsi dio ez dela komeni aurkaria gutxiestea. Hala egiten bada, ezustekoak egoten baitira. Jakinekoa da Albacete Athletic baino maila apalagoko taldea dela. Beraz, bakoitzak berea emanez gero, zuri-gorriek eskuratu beharko lukete Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzea. Baina futbolean uste baino ohikoagoak dira ezustekoak. Galde diezaietela Atletico Madrileko eta Vila-realeko zaleei. Egiari zor, ez dago horren urrun joan beharrik. Athleticek Oviedoren kontra jokatutako kanporaketak argi eta garbi erakusten baitu bi partidatan erabakitzen den kanporaketa batean gai dela ustez gutxiago den talde bat hobea den beste bat estu hartzeko. Bada Albaceteren kontrakoa Oviedoren aurka jokatutako kanporaketaren antzekoa izango dela iritzi dio Bielsak. «Oviedok zailtasunak jarri zizkigun, eta antzekoa izango da orain jokatu beharreko kanporaketa. Ez da ahaztu behar Albacete Atletico Madril kanporatzeko gai izan dela».
Horregatik da ezinbestekoa gaur Carlos Belmonten jarrera egokia erakustea. Athleticek eta, era berean, zuri-gorrien adarrean lehiatuko diren talde gehienek finalera ailegatzeko edo gutxien-gutxienik finaletik gertu egoteko aukera paregabea dutela usteko dute. Talde indartsuenak beste adarrean lehiatzeak sortzen duen ilusioarekin ekingo diote lehiari. Baina oztopoak gaitzagoak edo samurragoak izan, traba izaten jarraitzen dute. Eta trabak gainditu egin behar dira. Horretarako, jarrera «profesionala» eta «ofizioa» azaleratzeko eskatu die jokalariei teknikariak. «Guretzat garrantzitsuena hurrengo partidak izan behar du. Athleticek erakutsi du ez duela inor gutxiesten».
Jokalariek buruan dutena ez da zelairatu arte jakingo. Baina Bielsak zer duen jakinekoa da dagoeneko. Bartzelonaren edota Real Madrilen aurkako partida baten pareko garrantzia eman dio. Beretzat onenak diren futbolariak zelairatuko ditu. Min hartuta dagoen Llorente izango da neurketa hasi aurretik egiten den argazkian faltako den izar bakarra —taldearekin entrenatzen hasi den arren, oraindik arazoak ditu ezker belaunean—. Aurrelariaren itzulera uste baino gehiago atzeratuko da, baina ez De Marcosena. Denetik egoteko, balio duen futbolariari ebakuntza egin behar izan zioten, Zaragozako Paredesek egindako sarrera zatar batek eragin zion zauria itxi ahal izateko. Gogorra dela erakutsiz, prest da berriz ere taldeko protagonista nagusietako bat izateko.
Bielsa eta Bartzelona
Egun, goi mailako futbola Bartzelonak egiten duenaren arabera mugitzen da. Joko ikusgarria eta eraginkorra uztartzeak ekarri duen ondorioetako bat da. Bartzelonan Pep Guardiola da nagusia. Taldearen iparra. Baina ez omen da betiko izango. Eta, Bartzelona lagatzea erabakitzen duenerako,ordezko bila ari dira. Hedabideak bai, behintzat. Bada, antza, Bielsa da Sandro Rosellen agendan lehena. Egia izan edo ez, argentinarra lan ona egiten ari dela erakusten du. Gainerako kontuak, Bielsak atzo esan zuen moduan «hipotesiak» dira.
Ez da komeni harrotzea
Bielsak «profesionaltasuna» eta «ofizioa» eskatu die jokalariei Albaceten Kopako joaneko partida jokatu bezperanAthleticeko entrenatzailea ez da fidatzen, eta ohiko hamaikakoa zelairatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu