Antzeko janzkera dute Osasunak eta Manchester Unitedek, baina gainerakoan antzekotasun handirik ez dute Txapeldunen Ligako iazko irabazleak eta Nafarroako hiriburuko taldeak. Hargatik, Bartzelonak bi taldeon aurka jokatu beharko du bost egunen bueltan, eta Manchester United ez izatea ondo etorri ahal zaio kasu honetan Osasunari. Txapeldunen Ligako, eta bidez batez Europako, talderik onena izatearen ohorea lortzea soilik falta zaio Bartzelonari sasoi honetan. Eta datorren asteazkenean Txapeldunen Ligako iazko garailearen aurka, Manchester Uniteden aurka, ariko da Bartzelona ohore horren bila. Osasunaren aurkako partida entrenamendu bat besterik ez da izango katalanentzat. Eta Osasunak erraztasun horiek baliatu nahi ditu Ligako liderraren zelaian etxetik at denboraldiko bigarren partida irabazteko. Osasunarentzat gaurkoa baita finala.
Gaur jokoan izango diren hiru puntuen beharrik ez du Bartzelonak. Osasunak, berriz, ezinbestekoa du punturen bat lortzea Nou Campen. Irabazi edo berdinduz gero azken jardunaldira bizirik iritsiko direla badakite Jose Antonio Camachoren jokalariek, baina galduz gero, gaur bertan Bigarren Mailara jaisteko aukera ere hor dago, eta hori saihestea da lehendabiziko eginbeharra gorritxoentzat: Nou Campen galduz gero Sportingek eta Getafek egiten dutenaren zain geratu beharko dute Osasunakoek, eta Sportingek Valladoliden irabaziz gero, eta Getafek bere zelaian Numantziaren aurka gauza bera eginez gero, Osasuna Bigarren Mailara kondenatuta legoke. «Azken jardunaldiko azken minutura arte ezer ez dela erabakiko uste dut. Oraindik ere salbazioa gure esku dagoela uste dut, eta Nou Campen irabaztea lortuz gero dena beste era batera ikus dezakegu. Irabaziz gero, aurrerapauso itzela emango dugu, eta nahiz eta galdu, azken jardunaldian aukeraren bat izan dezakegula uste dut, nahiz eta galtzeko aukera burutik pasatu ere egiten ez zaidan», adierazi zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.
Osasunak talde handien aurka Ligako talderik ahulenen aurka baino hobeto jokatu izan ohi duela ere egia da, nolanahi ere, eta Camachok hori ere gogorarazi zuen atzo, agerraldian.
Bartzelona, ospatzera
Hasierako hamaikakoan bi aldaketa egingo ditu Camachok, azken jardunaldian Sevillaren aurka 0-0 berdindu zuen taldearekin alderatuz gero. Eta bi aldaketak atzealdean izango dira: Sergio zigortuta dago, eta Miguel Flañok beteko du haren hutsunea, eta Miguelen anaia bikia, Javier, taldetik at geratuko da, Natxo Monreal jada osatu delako.
Zorionez, zelaiaren aurrealdean ez dira Bartzelonaren ohiko jokalariak izango. Eta Osasunaren aurka horietako bat baino gehiago ariko da hasieratik. Partida atarian Liga eta Kopa eskainiko dizkiete Bartzelonako jokalariek zaleei, eta gorritxoen aurkako partidan gertatzen dena gertatzen delarik, Bartzelonaren zaleek ospakizun giroan jarraituko dute gaur iluntzeko lehian.
Ez da Manchester
Txapeldunen Ligako finalean du arreta guztia jarrita Bartzelonak, eta hori baliatu nahi du Osasunak hiru puntu lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu