Gola: 1-0: Cazorlak (61. min.) Epailea: Teixeira Vitienes. Txartel horiak: Malagako Cazorlari; eta Athleticeko Iturraspe, Toquero eta Javi Martinezi. Bestelakoak: 30.000 ikusle inguru Rosaleda estadioan, tartean Athleticeko zale bakan batzuk ere bai.
Manuel Pellegrini Malagako entrenatzailea irribarrez eta poz keinuak egiten ikustea ez da seinale ona Athleticentzat. Entrenatzaile txiletarrak helburua lortu duela erakusten duen argazkia da. Baina beste irakurketa bat ere egin daiteke, Athleticentzat positiboagoa: hiru puntuak etxean geratzen zirela ziurtatu zuen unean lasaitu ederra hartu zuen Pellegrinik. Hau da, Athleticek estu hartu zuela Malaga. Zuri-gorriek ez zuten ligako aberats berriak baino gutxiago egin. Baina sari barik itzuli ziren Bilbora. Kalitateak erabaki zuen norgehiagoka. Talentuak eman zion garaipena Al Thani xekearen talderari. Cazorlak duen talentuak.
Estrategia jokaldi bati esker irabazi zuen Malagak. Maisutasunez jaurtitako falta bati esker. Baloia jokoan dagoenean ez eze, geldi dagoenean ere ona delako Cazorla. Vila-relako jokalari ohiak erakutsitako gaitasuna falta izan zitzaion Athletici La Rosaledatik punturen batekin bueltatzeko. Willy Caballero atezain argentinarraren ate eta area inguruan erakutsi zuen ezina kezkagarria izan zelako. Aukera asko izan zituzten lehoiek arriskua sortzeko, baina aurkaria estu hartzeko gai ere ez ziren izan. Estrategia jokaldietan ere ez. Ez kornerretan, ez falta jaurtiketetan, Athleticek ez du geldikako jokaldi batean aukera sortzen. Ez da erraza ulertzea. Susaeta, Gabilondo, David Lopez eta enparauak ez dira asmatzen ari. Errematearen zain daudenek ere jai dute. Hori da Fernando Llorenteren ekarpen eskasaren arrazoi nagusietako bat.
Baina ez da bakarra. Larritzekoa da aurrelariaren sasoi puntu eskasa. Ez du jokoan parte hartzen. Eta zerbait egiteko aukera duen bakoitzean ere ez du ezer egiten. Baloia galdu. Berandu baino lehen dauka esnatu beharra aurrelariak, errioxarrak sarri erakutsi baitu ez daukala taldearen behar handirik jokalari erabakigarria izateko.
Betisen kontrako neurketa ikusi zutenek sekulako beldurra zioten Malagari. Athletic zakua golez beteta itzuliko zela uste zuten jarraitzaile gehienek. Baina jakina da futbola asko aldatzen dela egun batetik bestera. Neurketa guztiak direla ezberdinak esatea kirol honen topiko nagusienen artean dago. Baina egia da. Eta, gainera, Rosaledan argi eta garbi ikusi zen Athletic gai dela orain arte San Mamesen egin duena hobetzeko. Egiari zor, etxetik kanpo San Mamesen baino hobeto aritu da orain arte Bielsaren taldea.
Argentinarrak ez zuen egin iraultzarik hamaikakoan. Aldaketa bakarra egin zuen: Ekiza zelairatu zuen Amorebietaren partez. Jokatzeko era aldatutako gauzatu gura zuen itxuraldaketa Bielsak. Horretarako, hiru erdiko atzelarirekin jokatzea erabaki zuen. Hegalekoei, berriz, askatasuna eman zien. Hala ere, lehen ordu erdia etxekoena izan zen. Tarte horretan izan zituen Malagak neurketako aukerarik garbienak. Eliseuk egindako barneraketa bat jaurtiketa txar batekin amaitu zuen ezker helgalekoak. Eta Baptistak langara bota zuen baloia falta jaurtiketa batean. Baina apurka-apurka konfiantza hartzen hasi zen Athletic. Muniainek lehen abisua eman zuen arte. Erdilariak kanpora jaurti zuen area ertzetik egin zuen ahalegina.
Igor Martinezen lesioa
Bigarren zatia ere parekatua izan zen. Bielsak Igor Martinez zelairatu zuen kontraerasoa baliatzeko, baina minutu gutxi egin zituen zelaian. Min hartu zuen berriz. Handik gutxira aurreratu zen Malaga. Ordutik aurrera nahi eta ezin aritu zen Athletic. Aurkaria estu hartu ezinda. Hirugarren porrota lau partidatan. Hori da albiste txarra, Ona, Athleticek aurpegi hobea eman zuela.
MALAGA 1. ATHLETIC 0
Ez da nahikoa
Athletic txukun aritu da Malagan, baina kalitatea falta izan zaio punturen bat lortzekoZuri-gorriek puntu bakarra eskuratu dute lau jardunalditan, eta horrek urduritasuna eta egonezina eragingo du inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu