Valladolid 1-1 Reala

Ez da puntu txarra estreinakorako

Erasoan makal ibili da Reala, baina norgehiagoka berdintzea lortu du, markagailuan atzetik joan ostean. Roberto Lopez hasiberria izan da goleatzailea.

Ander Barrenetxea, atzo, Valladolideko defentsekin lehian. R. GARCIA / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 14a
10:42
Entzun

Behintzat ez zuen galdu. Balorazio horixe egin daiteke Realak atzo Valladoliden (Espainia) jokatu zuen partidatik. Txuri-urdinek ez zuten distirarik egin, eta iazko sasoia gazi-gozo amaitu zuen taldea gogorarazi zuten. Dena den, ez da txarra ligako lehen jardunaldian etxetik kanpo puntu bat eskuratzea, are gehiago markagailuan atzetik joan zirela kontuan izanda. Hiru zutoinen artera ia errematerik egin gabe eskuratu zuten puntu bat donostiarrek.

Neurketa grisa izan zen, eta gol aukera gutxi izan zituzten bi taldeek. Beroa egiten zuen Jose Zorrilla zelaian, eta igarri zen jokalariak oraindik ere erritmoa hartu nahian dabiltzala. Hasieran bai, indartsu zelairatu ziren bi taldeak, eta alde batean zein bestean izan zen aukera bat edo beste, baina minutuek aurrera egin ahala moteltzen joan zen erritmoa. 

Markagailua Valladolideko Michelek zabaldu zuen 39. minutuan, Sergi Guardiolaren jokaldi bikain baten ostean. Aihen Muñozi izkin egin zion aurrelariak, eta haren erdiraketa bultza besterik ez zuen egin behar izan Michelek. Lehendik ere aukera argienak espainiarrek izan zituzten; tartean, zutoinean jo zuen Waldoren jaurtiketa bat.

Baloia Realarena zen arren —%60ko baloi jabetza izan zuen—, zaila zirudien lehiari buelta ematea, eta zorte apur bati esker eskuratu zuten gola. Atzo lehen taldearekin debuta egin zuen Roberto Lopez erdilariak falta bat jaurti zuen 60. minutuan: indar handirik gabe zihoan haren erdiraketa, inork ez zuen errematatu, baina Masip atezainak huts egin zuen baloia hartzerakoan eta atepeko marra gainditu zuen baloiak.

Hortik aurrera, ezer gutxi egin zuten bi taldeek. Erasoko aldaketak egin zituzten —Oiartzabal, Januzaj eta Bautista sartu zituen Realak—, baina biek ala biek berdinketa ontzat jotzen zutela zirudien azken minutuetan. Realak seigarren aldiz jarraian eskuratu du berdinketa bat Valladoliden, eta hemezortzi urte daramatza han irabazi gabe.

Lesionatuen hutsunea

Txuri-urdinek betea dute erizaindegia, eta igarri zuten lesionatuen hutsunea. Hala ere, Imanol Alguacil entrenatzaileak ahalik eta gutxien aldatu zuen joko sistema. Zelai erdian, lehen Odegaardek hartzen zuen postuan Roberto Lopez jarri zuen oriotarrak, eta golarekin erantzun zion Zaragozan (Espainia) jaiotako harrobiko jokalariak. Berez, David Silva lesionatua fitxatu du Realak postu horretarako.

Hortaz gain, defentsan, bi alboko titularrak ez ziren zelaian izan atzo (Monreal eta Zaldua), eta Aihen Muñoz eta Andoni Gorosabelek jokatu zuten. Ez ziren Valladoliden izan Illarramendi, Guevara, Zubimendi eta Willian Jose ere. Agian horrela uler daiteke Realak erasoan horren aukera gutxi sortu izana.

Bestetik, eguneko albisterik onenetako bat atepean jaso zuten donostiarrek: norgehiagoka ona egin zuen Alex Remirok. Iaz, nafarra atezain titularra izan zen denboraldi ia osoan, baina konfinamenduaren ostean ez zuen lehengo maila berreskuratu, eta Miguel Angel Moyak jokatu zituen ligako azken neurketak. Beraz, denetik izan zuten atzo txuri-urdinek, albiste onak eta txarrak, baina gutxienez puntu bat eskuratu zuten estreinakoan.

Valladoliden hamaikakoa: Masip; Moyano, Bruno, Joaquín, Nacho; San Emeterio, Míchel (Kike Perez); Waldo (Weissman), Orellana, Óscar Plano (Hervías); Guardiola.

Realaren hamaikakoa; Remiro; Gorosabel, Aritz, Diego Llorente, Aihen Muñoz; Portu, Zubeldia, Merino, Lopez (Oiartzabal); Barrenetxea (Januzaj), Isak (Bautista).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.