Athleticen eta Alcoyanoren arteko Espainiako Kopako itzuliko partidak ez luke kolorerik izan behar. Alde handia dago Ernesto Valverdek eta Oscar Canok zuzentzen dituzten taldeen artean. Talde zuri-gorriak arlo guztietan menperatzen du gaur San Mames bisitatuko duen kontrarioa. Horrez gain, joaneko neurketako emaitza zuri-gorrien aldekoa da. Alcoyanok gutxienez gol bat sartu beharko du ezustea emateko aukeraren bat izateko. Beraz, pentsatzekoa da neurketa borobilik jokatu barik bere lehiaketa kutunenean aurrera egiteko moduan egongo dela Bizkaiko taldea.
Athleticek dena duela alde dirudi. Baina, zorionez, futbolean ez du beti talde indartsuenak irabazten. Horrelakoetan Vujadin Boskov entrenatzaile zenak zioena gogoratzea komeni izaten da: «futbola futbola da». Baloia jokoan dagoen bitartean edozer gerta daitekeela, alegia. Gaur Athletic izango da talde handia. Beraz, ez da ezustekorik komeni. Logika betetzea litzateke onena interes zuri-gorrientzat. Baina, horretarako, etxeko lanak ondo egin behar dira. Valverderen taldeak ez luke aurkariarekin eta emaitzarekin jokatu beharko. Lehen minututik partidaren bila zelairatu eta kanporaketa lehenbailehen erabakitzea da sustorik ez hartzeko biderik egokiena.
Joaneko partidan, esate baterako, Athletic ez zen gai izan lehen ordu erdian erakutsi zuen nagusitasunari etekinik ateratzeko, eta jokaldi inozo baten gola jaso ostean guztiz aldatu zen neurketa. Txikia hazi egin zen, eta handia , berriz, kikildu. Borja Viguerak azken minutuan sartu zuen gol ederrak zelaian merezi izan zuena baino askoz sari hobearekin itzultzeko aukera eman zion talde zuri-gorriari.
Athleticentzat ezinbestekoa da final-zortzirenetara pasatzea. Denboraldiaren lehen zati gorabeheratsua egin du. Jarraitzaile gehienentzat, txarretik gehiago izan du onetik baino. Beraz, Gabonetako oporrak lasaiak izateko Alcoyano kanporatzeak baino ez du balio.