Aurrez jakina zena ofizialki baieztatu zuen atzo Lagun Aro Gipuzkoa Basketek prentsa ohar baten bidez: ez du jokatuko Eurokopa, arazo ekonomikoak tarteko. Gipuzkoako Aldundiak klubari ematen dion diru laguntzak murrizketa handia izan duela eta, taldeari ezinezko zaio Europako lehiaketa batean parte hartzea. Iazko sasoian bosgarren postuan amaitu zuen liga Lagun Arok, eta Europako txapelketa batean aritzeko sailkatu zen estreinakoz. Ordea, murrizketak «handiegiak» izan dira halako konpromiso bati aurre egiteko, klubeko zuzendaritzaren arabera.
Joan den denboraldian 1,2 milioi euro jaso zituen klubak Foru Aldunditik, eta orain laguntza 700.000 euro gutxiagokoa izango du. 500.000 euro jasoko ditu, beraz. 2013-14ko denboraldian, berriz, kopuru horretara ere ez da helduko diru laguntza. Aldundiaren argudioa zera da, nahiago duela kirol amateurra sustatu profesionala baino. Klubeko arduradunen ustez, aldundiaren jarrera «lotsagarria» da, baita «onartezina» ere.
Alvaro Bilbao Lagun Aroko presidenteak bere mina adierazi zuen erabakia jakin berritan: «Aldundiak kolokan utzi du klubaren etorkizuna. Guk laguntza jasotzen dugu, baina zergetan-eta jasotzen dugun baino diru gehiago ordaintzen diogu aldundiari». Bilbaoren arabera, GBCren kirol ibilbideak aldundiaren onarpena beharko luke. Dagoeneko ez dago atzera bueltarik.
Ez dago atzera bueltarik
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek ofizialki egin dio uko Eurokopan jokatzeari, arazo ekonomikoak tarteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu