Ez dago erdibiderik

Irabazi beste aukerarik ez du Baskoniak; bestela, bigarren itzuliko partida guztiak irabazi beharko dituelako derrigor

Andoni Urbistondo.
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Zein Baskonia ikusiko da gaur? Milangoa? Madrilgoa? Gasteizkoa, Anadolu Efesen aurkakoa? Joan den igandean Bartzelonaren aurka partida txukuna egin zuena? Dakiena aberats, gaur-gaurkoz aurreikusten ezinezkoa delako zein Caja Laboral ariko den kantxan. Gorabeherak etengabeak izan dira Euroligan, baina gorabehera horiek ondorio txarrak utzi dituzte emaitzetan. Baskoniak lau partida jokatu eta hiru galdu dituelako. Horietako batean, Atenasen, lan ona eginda. Beste bietan nahiko joko kaskarra eginda, eta Buesa Arenan: Zalgiris eta Anadolu Efes.

Garaipen bakarra Milanen lortu zuen. Egoera gaiztotzen ari zenean, eta horri esker zabaltzen da apur bat itxaropenaren leihoa. Bi aste atzera, irabazteko beharra, Nocioni erietxean, eta Baskoniak garaipen handia lortu zuen. Gaur egoera berean da. Garaipen premia handiagoarekin. Zagreben ez dago bigarren aukerarik. Irabazi edo irabazi. Nahitaez. Galtzen badu, ez da kanpoan geratuko, ez automatikoki, baina trukean, bigarren itzuliko neurketa guztiak irabazi beharko lituzke Top 16a jokatu ahal izateko.

Gaurkoarekin hasita. Kontuz, Cedevita Zagrebek jokatutako lau partidak galdu dituelako, baina ez delako talde erraza. Jardunaldiak aurrera egin ahala, bere jarduna hobetu du, eta hobekuntza horren erakusle onena, azken jardunaldian Grezian jokatutako norgehiagoka, Olympiakos menderatzear izan baitzen. 79-77 galdu zuen azkenean, baina asko estutu zuen jarduneko txapelduna. Olympiakos bere sasoi onenetik urrun dagoela ere egia da, baina Baskonia ez dago askoz hobeto. Cedevitako Goran Suton pibot kroaziarrak bere sentsazioen berri eman du Euroliga atarikoan, eta 0-4 balantzea edukita ere, Top 16a iristeko itxaropentsu direla dio. Arrazoia, hurrengo bost partidetatik lau etxean jokatuko dituztela. Lehenengoa, Baskoniaren aurka.

Talde txukuna du Cedevitak

Cedevita Zagreb talde txukuna da. Euroligako lehen faseko talde zailenean egokitu da, eta horrek ekarri du 0-4 balantzea, baina ez da talde txarra. Gidaritzan Vlado Ilievski Baskoniako jokalari ohia eta Marques Green estatubatuarra aritzen dira. Green Euroligako jokalari txikiena da, 1,65 baita luzean. Kanpoko lerroan Bracey Wright eta Mickael Gelabalek jokatzen dute, biak ACB ligan aritutakoak. Wright estatubatuarrak 12 puntu saskiratzen ditu partidako, eta Gelabale frantziarrak, 14. Taldeko bi saskiratzaile onenak dira.

Izarra Marko Tomas hegalekoa da, baina zortzi hilabete luze egin ditu kantxetatik urrun, lesioz lesio, eta Adriatikoko ligako azken jardunaldian bueltatu da. Sasoiz kanpo dago, baina jokalari ona da. Predrag Suput serbiarra da txandatze horretako azken jokalaria. Saskipean ere sorta ona du Bozidar Malkjovic entrenatzaile ezagunak. Luksa Andrici etorkizun oparoa iragarri zioten gaztetan, baina haren bilakaera mantsotu egin da apur bat. 210 zentimetroko mutil handia da, hala ere. Miro Bilan bezalakoa, 2,13 morroskoa. Goran Suton jatorri estatubatuarreko kroaziarra ere lan iluna egiten ohitua dago.

Eta Baskonia, zer? Han eta hemen esan eta idatzitakoak entzun eta irakurri ondoren, badirudi Tibor Pleissen osatzeak onura ekarri diola taldeari. Baita Taylor Rochestieren tenpleak ere. Carlos Cabezas ere taldeari neurria hartzen ari zaio, eta hori oso lagungarria izan liteke etorkizunean. Komenigarria litzateke, era berean, Nocionik taldearen mesedean lan hobea egitea.

CEDEVITA-BASKONIA

Lehiaketa. Euroligako lehen ligaxkako bosgarren jardunaldia.

Cedevita Zagreb. Car, Rogic, Wright, Suput, Babic, Lebo, Andric, Buva, Suton, Bilan, Ilievski, Gelabale, Nurkic, Tomas, Green eta Bazdaric

Caja Laboral Baskonia. Nocioni, Rochestie, Milko Bjelica, Nemanja Bjelica, Cabezas, Causeur, Pleiss, San Emeterio, Heurtel, Oleson eta Lampe.

Lekua. 18:30 (ETB1).

Ordua. Drazen Petrovic pabiloian (5.500 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.