Iker Muniainek argi gorri guztiak piztu zituen atzo, Sevillara iritsi eta berehala. Herren eginez egin zituen abioitik jaitsi eta geroko metroak. Rafa Alkortak hitz egin du orain, finalaz, eta Athleticeko kirol zuzendariak adierazi du ez dela ziurra kapitainak finala jokatzea, nahiz eta asko esatea litzatekeen ez dela ariko. "Gaurko entrenamenduan argituko dira zalantzak", adierazi du. Hanketako giharretan dauzka arazoak, eta, Alkortak esan duenez, "aurreko asteetako partidek eragindako nekeak sortu dizkio". Alkorta hizketan ari zen bitartean, jokalariak hoteletik kanpora joan dira, ibilalditxo bat egitera, eta Muniainek ez du herrenik egin.
Bartzelonaren aurkako finalerako jokalariak animo handiarekin daudela ere adierazi du. Partida nondik nora joan daitekeen ere aztertu du: "Bartzelonaren jokoa baloi jabetzan oinarritzen da, eta abilak dira horretan. Gure indargunea baloia berreskuratu eta azkar ateratzea izango da, horixe izanik, gainera. Marcelinori gustatzen zaiona".
Gako batzuk ere eman zituen Athleticek finala irabazteko: "Eraginkorrak izan beharko dugu, bai atzealdean, bai aurrealdean. Defentsako lan ona egin beharko dugu, eta erasoan, aukeretan asmatu".