Galarretako aparkalekua betetzen den egun horietako bat da gaurkoa (15:45, ETBKsat). Erremonte egutegiak arratsalde batzuk gorriz markatuak ditu, tartean gaurkoa. Euriak laguntzen badu, harmailek itxura ederra izango dute, urteko bigarren txapela egongo baita jokoan: binakakoa. Zeberio II.a-Ionek eta Juaristi-Lizasok Azysa txapelketako finala jokatuko dute.
Zeberio II.a eta Ion txapelketako bikoterik onena izan da, eta dirua haien alde egongo da gaur. Lehen ligaxkako lehen partida galdu zuten, baina hartaz geroztik bikain jardun dute. Lehenbizi, Urtasun eta Etxeberria III.ari irabazi zieten, eta gero, finalerdietan, nagusitasun handiz kanporatu zituzten Matxin III.a eta Urrutia. Aurkariak ziren faborito finalerdietan, lehen fasean bi partidak irabazita sailkatu zirelako, baina Zeberio II.ak eta Ionek ez zieten aukerarik eman. Hortik datorkie faborito izaera.
Juaristi eta Lizasoren bidea malkartsuagoa izan da. Bitxia bada ere, lehen ligaxkako multzo bakoitzeko bi sailkatuak iritsi dira finalera. Kostata sailkatu ziren finalerdietarako, eta finalaren atarian hiru partida behar izan zituzten Ezkurra eta Aizpurua II.a kanporatzeko. Ezustekoa eman dute, txapelketaren aurkezpenean ez zirelako txapelerako hautagaien artean ageri, baina biek ondo zukutu dute euren gorputzaldia.
Lau pilotari eskarmentudun dira finalerako, eta Juaristik izan ezik, beste guztiek binakako bi final jokatu dituzte gutxienez. Zeberio eta Ionen kasuan, gainera, elkarrekin jokatuko duten bigarrena da, iaz ere sailkatu baitziren, baina Urriza eta Etxeberria III.aren aurka galdu zuten. Zeberio binakako txapel gehien duen pilotaria da, sei guztira, eta behin izan da txapeldunorde. Ionek, berriz, jokaturiko bi finalak galdu ditu. Urteko jaialdietan ez da oso ohikoa izaten estelarretan, baina txapelketan lan ona egiten du eta ondo laguntzen ditu aurrelariak.
Juaristi eta Lizasok ere oso ondo ezagutzen dute elkar, aurtengoa baitute hirugarren txapelketa batera. Iaz finalerdietara iritsi ziren, eta aurten beste pauso bat eman dute. Lizasok binakako hirugarren finala du, eta bera da gaurko partidako protagonista. Lesioek gogor jo dute azken urteetan atzelari beteranoa, eta txapelak gurutze bidea gozatuko lioke. 2009an pilota uztekotan egon zen, belauneko lesio larri baten ondoren, eta hilabete asko behar izan ditu aurreko mailara iristeko. Baina hor da berriz, 38 urterekin, txapelen lehian.
Juaristiri dagokionez, lehen finala du. Txapelketan askotan parte hartu du, baina inoiz ez du egun handira iristerik lortu. Estelarretan tokia egin du, eta Zeberio, Ezkurra eta Urrizarekin neurtzen ditu indarrak, baina finalen bat falta zitzaion ibilbidean. Babesik ez zaio faltako, berak esana baita 35 lagun joango direla gaur bera animatzera.
Jokoari dagokionez, erasoaren eta defentsaren arteko lehia izango da. Teknika eta ahal fisikoa. Zeberio aurrelari trebea da eta Ionek oso ondo eusten dio. Juaristi,berriz, fisikoagoa da eta Lizaso edozein pilota itzultzeko gai da.Teorian, partida luzatzen bada, Juaristi eta Lizasorentzat mesede. Aukeraketan pilota mota desberdina hautatu zuten. Zeberiok eta Ionek zakarrak, aurrean jokatzeko; aurkariek, berriz, bote handiagokoak, piloteoa luzatzeko.
Ez dago hasiberririk
Zeberio II.a eta Ion dira faborito gaur Juaristi eta Lizasoren aurka, binakako Azysa torneoko finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu