Futbola. Granada-Reala (0-3)

Ez dago sekreturik

Erasoan joko askorik sortu gabe ere, Realak Granadan irabazi du denboraldi honetako lehen partida. Imanol Agirretxek sartu ditu txuri-urdinen hiru golak.

jarraia114884.jpg
unai zubeldia
2015eko irailaren 23a
12:48
Entzun

Atezaina, ia agertu ere egin gabe; atzelariak, oso serio; euskarriak, presioan oldarkor eta jokoan aukerak eskainiz; erdilariak, mugikortasun handiarekin min eginez; eta, aurrelaria, egin behar duena eginez: golak sartuz. Krisi betean, talde gisa jokatu zuen atzo Realak Granadan, eta denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen, Agirretxeren hiru golei esker. Ligako lehen lau partidetan bi berdinketa soilik lortuta, jaitsiera postuetan sartzeko arriskua zeukaten atzo txuri-urdinek, baina erreakzio polita eduki zuten. Bost punturekin, giroa baretuta eta konfiantza handiagoarekin egingo diote aurre, igandean, Athleticen aurkako derbiari.

Partida hasi baino lau ordu lehenago jakinarazi zioten Realari Rullik ezingo zuela jokatu, eta Oierren alde egin zuen David Moyesek —klubak 100.000 euro ordaindu zizkion Granadari irundarrak joka zezan—. Hamaikakoan Zurutuzarena izan zen berritasun nagusia, eta erdilariak zentzu eta lasaitasun handia eman zion donostiarren jokoari. Urduri zelairatu ziren bi taldeak, eta kontrolik gabeak izan ziren lehen minutuak. Baina 7. minuturako 0-1 aurretik zen Reala, Zurutuzak ezker hegaletik erdiratu ondoren Agirretxek oinaren kanpoaldearekin baloia sareetara bidali zuen jokaldian. Oso mugimendu ona egin zuen usurbildarrak.

Granero eta Illarramendi nagusi ziren euskarri postuan; presio lan ona egin zuten biek, elkarri lagunduz. Aurrean, berriz, mugikortasuna eskaini zuten Velak eta Canalesek, eta patxada Agirretxek eta Zurutuzak. Arazo bakarra zeukan Realak: atzealdeko eskuin hegala. Dezente sufritu zuen Elustondok, eta penalti eske ibili ziren etxekoak. Hiru eskatu zituzten, Elustondorenak bi eta Iñigo Martinezena bestea, eta eskuin hegalekoaren bigarrena soilik izan zen zalantzazkoa.

Atzean oso serio jokatuta ere, txuri-urdinak ez ziren gai aukera argiegiak sortzeko. Baina Granadak berak utzi zion esku-eskura 0-2koa. Doriak huts larria egin zuen atzean, baloia atezainari ematen hasi eta Agirretxeren oinetara bidalita. Eta aurrelariak ez zuen hutsik egin, Andres Fernandezi iskin egin ondoren.

Granada, erabat lur jota

Aldageletatik bueltan, Granadaren oldarraldiari eustea zen Realaren erronka, baina bultzatzeko indarrik ere ez zuten izan etxekoek. 50. minutuan Agirretxek pase sakona bidali zion Velari, eta Andres Fernandez oso adi ibili zen areatik aterata. 55.ean, Canalesek eduki zuen buruz burukoa, baina atezainaren gorputzera bidali zuen jaurtiketa. Agirretxek bidali zuen baloia kanpora bost minutu geroago, Velaren pase dotorea jasota. Eta 79. minutuan iritsi zen Agirretxeren hirugarren gola, area barruan jokaldia bikain amaituta. Sekretu handirik gabe, egin behar dena eginda, garaipen handia lortu zuen atzo Realak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.