Ez dago tokirik bientzat

Real Madril edo Gescrap, bietako bat sailkatuko da Montepaschirekin batera Euroligako final-laurdenetarakoGalduz gero, puntu aldea zaintzea komeni zaio Gescrapi, balizko berdinketak hausteko

Andoni Urbistondo.
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Olinpoko gutiziak dastatzen ohitua dago Real Madril, eta Olinpoko kide egin nahi du Gescrap Bizkaiak. Montepaschi Sienak sekulako astindua eman zion joan den astean Real Madrili bere etxean, eta, gauzak ondo, ziurtatua dauka ia-ia multzoko lehen postua eta final-laurdenetako kanporaketa samurragoa. Postu bat geratzen da argitzeko, multzoko bigarrenak ematen duena, eta, oraindik lau partida falta badira ere, gaur eta gaur zortzi dena edo ia dena erabakiko dela esan liteke. Elkarren aurka ariko baitira Real Madril eta Gescrap Bizkaia. Gaur iluntzean Madrilen, eta hurrengo asteazkenean Bilbon.

Emaitza posible guztiak dira garrantzitsuak. Bistan da, bietako batek bi partidak irabazten baditu, aurrerapauso itzela emango du, erabakigarria ia-ia; baina erronka horren zailtasuna ikusita, pausoz pauso joatea komeni. Biek partida bana irabazita sutan geratuko delako multzoa. Egutegiak hala erabakita, hirutan jokatuko dute bi taldeek elkarren aurka zazpi egunetan, horietako bi Euroligako demak, eta gaur garaipena lortzen duenak parekoaren konfiantza ahulduko du beste bi norgehiagokei begira.

Parekatua aurreikusten da neurketa. Duela hilabete, Top16a hasi bezperan, Real Madril Gescrap Bizkaia baino askoz gehiago zen, baina emaitzek bakoitza bere tokian jarri dute, eta, gaur-gaurkoz, Fotis Katsikarisen taldea Real Madril adina da. Lau partida irabazi dituelako errenkadan ligan, defentsa bikaina eginda, eta Top16an ere zalantza gutxi utzi zituen irabazi zuelako Unicajaren aurka. Real Madril, berriz, Sienak joan den ostegunean eman zion muturrekoaren minarekin jarraitzen du. Ligako azken neurketa aise irabazi zuen, Fuenlabradaren etxean, baina jokalarien adierazpenek eta Pablo Lasoren haserreak garbi erakusten dute Montepaschiren astindua kolpe latza izan dela.

Multzoko lehen postua erronka ezinezko bihurtzen duelako 69-88 emaitzak, eta horrek, sailkatzea lortzekotan, final-laurdenetako aurkari Moskuko CSKA ahaltsua izatea ekarriko duelako. Real Madrilek hori saihesteko modua Sienan hogei puntugatik irabaztea da, eta, egun, ezinezkoa dirudi lorpen horrek. Lasoren taldeak bikain jokatu zuen lehen ligaxkan, eta Top16an multzoko onena izateko faborito argia zen. Sienako Bo McCalebb joko antolatzaileak eta Simone Pianigiani entrenatzaileak ez zuten gauza bera pentsatzen. Ikusteko dago porrot horrek izango duen eragina. Lauko Finala ez den ezerk kritika zorrotzak eragiten dituelako dirutza ikaragarria inbertitzen duen proiektuarentzat, eta Lauko Finala urrun samar dago orain Real Madrilentzat.

Trantsizio jokoa

Presioa, beraz, etxeko taldearena da, eta hala barneratu eta zabaldu dute Bilbon. Real Madril da garaipen premia handiagoa duena, Gescrap Bizkaia lehen aldiz ari baita Top16an. Bizkaitarren asmoa argia da, presio horri etekina ateratzea, hasieratik markagailuan aurrea hartu eta Lasoren taldea urduritzeko. Bestela ere, Gescrap gai ikusten da Real Madrili aurre egiteko, aspaldi bila ari den dinamika on hori lortu baitu, azkenean.

Defentsa jokoak hobera egin du nabarmen, bere errendimendua asko hobetu duen D'Or Fischerren eskutik. Pibota txapel dezente jartzen ari da azken partidetan, baina txapelak jartzeaz gain, barneraketa eta jaurtiketa asko oztopatzen ere bai. Borroka polita izango du Mirza Begicekin eta Ante Tomicekin, Real Madrileko bikotearekin, baina ezagutzen ditu, eta ez da haiek baino makalagoa. Saskipeko jokoarekin batera, Aaron Jacksonen bultzada ere nabarmena da. Azkarregi jokatzen saiatzen da batzuetan, oraindik, baina taldekideak ondo elikatzen ari da, eta barneraketetan ere eraginkor dabil. Sergio Rodriguez Real Madrileko joko antolatzaileak defentsan dauzkan ahuluneak baliatu behar ditu estatubatuarrak min egiteko.

Gako bat bilatzekotan, ordea, trantsizio jokoaren garrantzia nabarmendu behar da. Joko azkarraren aldeko apustua egiten dute Lasok eta Katsikarisek, eta kontraeraso edo eraso jokaldi azkarren bitartez lortzen dituzte puntu asko. Real Madrilek hiruko jaurtitzaile bikainak ditu: Jaycee Carroll, Carlos Suarez, Sergio Llull, Martinas Pocius eta Kyle Singler, eta baloi gutxi ematea funtsezkoa izango da bizkaitarrentzat. Baloiak galtzen direnean ere, falta taktikoak deitutakoak egiten iaioak izan behar dute beltzezko jokalariek.

Janis Blums gabe egin beharko dute, letoniarrak beste astebete beharko baitu Sienan bihurritutako eskumuturra lehengoratzerako. Katsikarisek esan du hutsune handia sumatuko dutela: «Kanpoko lerroan daukagun jokalari onena da defentsan». Roger Grimauk eta Josh Fisherrek estali beharko dute Blumsen hutsunea.

REAL MADRIL-GESCRAP

Real Madril. Pocius, Tomic, Suarez, Felipe Reyes, Mirotic, Rodriguez, Velickovic, Begic, Carroll, Singler eta Llull.

Gescrap Bizkaia. Fisher, Jackson, Raul Lopez, Mavroeidis, Banic, Mumbru, Hervelle, D'Or Fischer, Vasileaidis eta Grimau.

Lekua. Madrilgo Kutxa Magikoa (12.442 ikusle).

Ordua. 20:45 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.