ESPAINIAKO VUELTA

Ez dagoen lekutik, ezin atera

Saiatuta ere, nahi eta ezin aritu ziren oilar indartsuenak, tropela hausten ez duen aldapa etzana baita Pla de Beret;ONCE-Eroskiko Joaquim Rodriguezek lapurtu zion etapa Aitor Osari, eta Nozalek, beste behin, eroso eutsi zion lidergoari

Andoni Urbistondo.
2003ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ez dagoenean, ezin da. Kito. Ibilbide orekatua prestatu zutela esan zuen Unipublicek iaz, abenduan, Vuelta aurkeztu zenean. Sei etapa mendateetan bukatzenzirelako esango zuten orekarena, baina ez da mendate kopurua proba bateko gogortasunaren giltza; mendate horien batez besteko aldapa, desnibela, baizik. Mendateak 20 kilometro baino gehiago izanagatik tropela ez da hausten pendiz gogorrena %6,5ekoa bada. Hori da Pla de Beret mendateko aldapa gogorrena. Kategoria bereziko maila eman zioten, baina eguneko beste hiru mendateak gogorragoak ziren. Zazpi kilometroko mendate etzanak ez du merezi Aubisqueren mailaketa bera, inondik inora.

Non saiatu ez eta saiatzeko indarrak soberan ere ez. Vueltako oilarrak nekatuta daude, indarrez justu, iraila atsedena hartzeko hilabetea baita, bete-betean egoteko baino gehiago, txirrindularitzan behintzat. Heras eta Beltran ziren ahalegindu behar zutenak, baina beste batzuk horiek baino indartsuago daudela ikusi zen, eta zerrenda luzea da: Piepoli, Unai Osa (Banesto), Rasmussen herenegungo garailea, Luis Perez (Cofidis), Felix Cardenas (Labarca) eta batez ere, Aitor Gonzalez. Fassa taldekoak askoren bihotza jarri zuen lekuz kanpo, Portillon pikoan aurrena eta Pla de Beret etzanean gero.

Lehenengoan bospasei txirrindulari eraman zituen berarekin. Igor Galdeano, Nozal eta Beltran falta ziren taldetxo horretan, baina Portillonen ondoren, akabo. 20 kilometroko ordekak eta Pla de Bereteko ailegaera zozoak ahulenen ezina ezkutatu zuen eta indartsuenen grina kamustu.

Eguneko ihesaldiak bidea egin zuen atzo, herenegun ez bezala. Tropelak baimena eman zuen eta bederatzi txirrindularik egin zuten aurrera: Unai Etxebarria eta Aitor Osa euskaldunak, Jufre, Lara, Rodriguez, Lunghi, Jimenez, Horrach eta Zaballa. 10 minututik gorako errenta lortu zuten Aspin eta Peyresourde arteko ordekan. Labarca 2-Baque taldeak erritmoa bizitu zuen Peyresourden Cardenasen etapa garaipena bilatzeko eta Kelmeko Manzanok Valverderena, Portillonen. Sei minutura jaitsi zuen aurrekoen aldea ahalegin horrek, baina Piepoliren erasoa gogorragoa izan zen, haren atzetik irten baitzen oso indartsu agertu zen Aitor Gonzalez. Ez zen bakarrik joan, baina oilar ia denak geratu ziren atzean. Heras sartu zen, baina kostata oso.

Portillon gogorra da, baina tamainako mendate bat behar du ondoren egindakoari bukaera emateko. Eta bukaera hori ez da Pla de Beret. Galdeano, Nozal eta Beltran zigortu ostean, onenen multzotxo hori gelditu egin zen eta tropela dezente loditu berriro. Aurretik zihoazenen onerako izan zen hori. 3:30eko errenta zuten Portillon gainean eta 7:45ekoa Vielhan (Katalunia), Pla de Beret mendate hasieran.


Aitor Osa bigarren eta Banesto esku hutsik

Aurrekoen borrokan Aitor Osak (Banesto) eta Joaquim Rodriguezek (ONCE-Eroski) hartu zuten aurrea. Osa itziartarra kataluniarra atzeratzen saiatu zen birritan, baina ondo eutsi zion Rodriguezek eta helmugako esprintean eroso irabazi zion euskaldunari.

Ordokizaleek ondo baino hobeto gainditu dituzte Pirinioetako bi etapa. Gaurkoa geratzen zaie, baina ustekabe potoloren bat gertatu ezean, aurreko bien antzeko emaitza izango du. Bonaigua etzana da. Port del Canto, beste hainbeste. Gainetik 55 kilometro daude Envalira hasi arte. Envalira Pla de Bereten antzekoa da. Luzeagoa (27 kilometro) eta tenteagoa (%5,1), baina azken lau kilometroetan bakarrik ditu segidan pendiz serioak (%6tik gora). Nork hautsi behar du tropela lehen bi mendateetan? US Postalek ez du talderik, Fassa Bortolok eta Kelmek ere ez eta Banestoko mutilek zereginik ez dute nagusian. Tropela txikituko duen eraso bortitzen bat ikustea, zaila, oso justu dozelako ia denak. Bitartean, ONCE-Eroski, ederki. Etapa garaipena eta urrezko maillota ondo lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.