Ez dauka mugarik

Leire Olaberriak urrezko domina irabazi du Melbournen, Munduko Kopako omnium proban

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Urre kolorez janzten ari da Leire Olaberria. Hilabete baten buruan urrezko bi domina kolkoratu ditu Ikaztegietako txirrindulariak. Pistako Europako Txapelketan irabazi zuen lehenengoa, joan den azaroaren 7an, Pruszkow herrian, Polonian. Eta Pistako Munduko Kopako lehen proban, bigarrena, atzo, Melbournen, Australian. Modalitatea, denetan gogorrena: omnium proba, sei diziplina barne biltzen dituen proba gogorra.

Bestela ezin eta, «leher eginda» amaitu zuen Olaberriak atzo proba. Baina aurkariak kontrolpean izanda. Bost punturen aldea atera zion Tara Whiten kanadiarrari, eta hamalau punturen aldea Malgorzata Wojtyra poloniarrari. Melbournen urrezko domina irabazita, Olaberriak atseden hartuko du Kolonbian jokatuko den Munduko Kopako bigarren proban -abenduaren 16tik 18ra-, eta urtarrilean itzuliko da lehiara, Pekinen, Munduko Kopako hirugarren probarekin. Urtarrilaren 21etik 23ra jokatuko da Munduko Kopako hirugarren proba. Atzoko garaipenak 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetarako bidea samurtu dio Olaberriari.

Erregulartasunari esker irabazi zuen atzo ikaztegietarrak omnium proba. Horren erakusgarri, azken bi egunotan ez du sei probetako bakar bat ere irabazi, baina jazarpenean bosgarren sailkatu zen atzo, eta scracht-ean, hirugarren. Txapelketa amaitzeko 500 metroko proba soilik falta zenean, lau punturen aldea zegoen Olaberriaren eta Whitenen artean. Eta azken proba horretan kanadiarraren aurretik sailkatu zen euskalduna, bosgarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.