Numantziak azken bost partidak galdu ditu, eta Osasunak lau partida daramatza galdu gabe. Gainera, Iruñeko taldeak etxean jokatutako azken bi partidak irabazi egin ditu. Bolada kontrajarriak dira, zalantzarik gabe. Eta bolada onean dagoen taldeak etxean jokatzen duenez, Osasunak alegia, are eta logikoagoa da gaur arratsaldeko norgehiagokarako Osasuna jotzea faboritotzat futbol adituek. Hargatik, Osasunako jokalariak zuhur mintzatu dira aste osoan partidaren inguruan egin dituzten adierazpenetan. Beste aurkari batzuen izenik eta osperik ez izan arren, Numantziak lanak emango dizkiela badakite Jose Antonio Camachok zuzendutako jokalariek.
Natxo Monreal ezker hegalekoa izan zen Numantziaren aurkako partidak «beldurra» ematen diola aitortu zuen lehena. «Egundoko beldurra eragiten dit partida honek, jokatu aurretik puntuak irabazita dauzkagula dirudi, eta nik argi daukat partida gogorra izango dela eta irabazteko etxeko azken bi partidetan bezain oldarkor jokatu beharko dugula», esan zuen atzelari iruindarrak. Patxi Puñalek ere argi utzi zuen gaurko partidari begira erlaxatzerik ez dutela: «Konfiantzarik ez, ezin gara lasaitu, arriskuko postuetan gauden bitartean ez behintzat. Gainera, Numantziako jokalariek badakite zer dagoen jokoan, eta egoera zailetan zer egin behar den argi daukate. Mota hauetako neurketetan, gainera, eskarmentu handia dute. Partida zaila izango da, zalantzarik gabe», baieztatu zuen Uharteko erdilariak. Jokoan zer dagoen Numantziakoek bezain ondo dakite gorritxoek, bai.
Camachok ere partidaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen atzo prentsaurrekoan hitza hartu bezain laster: «Ni Osasunan nagoenetik jokoan izan diren hiru puntu garrantzitsuenak Numantziaren aurkako partidakoak direla esan daiteke. Izan ere, atzera begira jarraitzea saihestezina izango den arren, hiru puntuak batuz gero talde gehiago sar daitezkeelako jaitsiera saihesteko borrokan», esan zuen Osasunako entrenatzaileak.
Zailtasunak izango dituztela ere badaki Camachok, nolanahi ere. Eta, horrexegatik, faboritoak direla entzuterik ere ez du nahi entrenatzaile espainiarrak: «Bartzelona edo Valentzia datorrenean mundu guztiak zailtasunak espero ditu, baina Numantziaren aurka inork ez ditu espero. Jokatu aurretik partida irabazita daukagula dirudi, eta hori ez zait gustatzen, kalkuluak eta zenbakiak partidak amaitu ondoren egitea gustatzen zait niri. Valentzia eta Mallorcaren aurka erakutsitako grina bera erakutsi beharko dugu Numantzia mendean hartu nahi badugu. Partida zaila izango da, eta zailtasunak gainditzeko prest egon behar dugu», ohartarazi zuen. Jakinaren gainean dira, beraz, nafarrak, eta pazientzia handiz jokatu beharreko norgehiagoka izango da gorritxoentzat.
Krutxaga, berriro hasieratik
Sergio Fernandez edo Cesar Krutxaga, hori zen Camachoren zalantza nagusia gaurko partidari begira, eta atzo goizeko entrenamenduan zalantzak uxatu zitzaizkion entrenatzaile espainiarrari: Sergio ia normal entrenatu zen ostegunean, baina atzo mina zeukan oraindik, eta ez zuen entrenamenduetako zelairik zapaldu ere egin. Senda-agiria ez du jaso, eta deialditik kanpo geratu da Zaragozatik fitxatutako erdiko atzelaria. Krutxaga kapitainak gorritxoen hasierako hamaikakoan jarraituko du, ondorioz. Bi hilabete eta erdi jokatu gabe egin ostean, iragan asteburuan itzuli zen zelaietara Eskarotzeko atzelaria (Nafarroa), etaez zuen hutsik egin: taldeko jokalari onenetakoa izan zen Riazorren, Deportivoren aurka. Eta saria izango du haren lan onak, Numantziaren aurkako partida garrantzitsuan ere kapitain beteranoa izango baita Miguel Flañoren bikotekidea Osasunaren atzealdearen erdian.
Iragan asteburuan Deportivoren aurka hasieratik aritu ziren jokalariekin alderatuz gero, bi berritasun izango dira gaur nafarren hamaikakoan. Behin partida bateko zigorra bete ostean, Walter Pandiani hasieratik ariko da, eta, beraz, Dady ordezkoen aulkian geratuko da. Antonio Hidalgok ere aulkitik ikusi beharko du partida hasiera batean, bere postuan Masudek jokatuko baitu.
Ez dira fidatzen
Ligako azken bost partidak galdu ditu Numantziak, baina, hala ere, Osasuna ez da Soriako taldeaz fidatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu