FUTBOLA

Ez dira ligako partidak jokatuko ostiraletan eta astelehenetan

Bihar jokatzekoa zen Granada-Athletic norgehiagoka larunbatera atzeratu dute, eta astelehenean jokatzekoa zen Alaves-Betis neurketa igandera aurreratu dute

Granadak eta Athleticek aurreko sasoiko azken jardunaldian jokatutako partida. EFE
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 10a
10:27
Entzun

Espainiako Liga ez da bihar hasiko, larunbatean baizik. Espainiako Futbol Federazioko lehiaketa epaileak ebatzi du ez dela ligako partidarik jokatuko ostiraletan eta astelehenetan. Horren ondorioz, bihar ez da jokatuko Granadaren eta Athleticen arteko lehia. 21:00etan zen jokatzekoa, Los Carmenes estadioan, baina egun bat geroago jokatuko da, larunbatean, 18:30ean, hain zuzen ere. Hala, neurketa hori ez da izango denboraldiko lehenbizikoa, baizik eta Eibarrek eta Celtak egun berean Ipuruan jokatuko dutena, 16:00etan.

Alavesen eta Betisen artekoa, berriz, egun bat aurreratu dute: astelehenean zen jokatzekoa, 21:00etan, Mendizorrotzan, eta igandean jokatuko da azkenean, 14:00etan. Osasunaren eta Realaren partiden datek eta ordutegiek, ordea, bere horretan jarraituko dute: gorritxoak larunbatean ariko dira, 21:00etan, Cadizen (Espainia), eta txuri-urdinak, igandean, 16:00etan, Valladoliden (Espainia).

Ezusterik izan ezean, bigarren jardunaldiko datak eta ordutegiak ere aldatu egingo dira. Osasuna hilaren 18an (ostirala) 21:00etan da jokatzekoa Getafen (Espainia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.