C Multzoa

Ez dirudi Ingalaterra

Hutsean berdindu du Aljeriaren aurka, Hegoafrikako Munduko Kopan irabazi gabe segitzen du eta azkeneko jardunaldian Eslovenia gainditu beharra izango du sailkatzeko.

2010eko ekainaren 18a
15:34
Entzun
Ingalaterra behin izan da Munduko Kopako txapeldun -1966an, etxean-, Eurokopa ez du sekula irabazi, baina bi txapelketa handi horietan askotan eman izan du maila, ia bukaeraraino helduta maiz. Bere Ligan bezala, joko erasokorra, gogorra, zuzena egin izan du, eta emaitzak eman izan dizkio. Ingalaterra, Ingalaterra izan da. Ez azkenaldian, ordea. 2008ko Eurokoparako ez zen sailkatu. Eta aurtengo mundialean lehen bi jardunaldietan ez du irabazi oraindik, eta hori AEB eta Aljeria izan dituela aurkari. Aurrenaren aurka bana egin zuen, Aljeriaren kontra hutsean amaitu du.

Bi puntu besterik ez ditu, AEBek ere bi dauzka, Esloveniak lau, Aljeriak bat. Ondorioz, puntukako berdinketa kasuko golen faktorea oraingoz kontuan hartzeke, Ingalaterrak azkeneko jardunaldian Eslovenia gainditu beharra izango du final-zortzirenetara sailkatzeko.

Lehen partidan Capello Ingalaterrako hautatzaile italiarrak Gerrard eta Lampard erdilariak ez zituen aurrera begira jarri, jokoa antolatzen baizik, euskarri tokian. Gerrardek ez du hor jokatzen Liverpoolen, ezta Lampardek Chelsean ere. Esperimentuak ez zuen funtzionatu. Hurrena euskarri peto bat ipintzeak zirudien irtenbidea. Hala egin du Capellok: Barry kokatu erdi-erdian, eta aurrerago beste bi haiek, areara iristeko moduan. Horrek ere ez du funtzionatu.

Rooney izan da denboraldi honetan Europako bigarren golegile nagusia, baina mundialean ez da agertu. Ezin gol aukerarik sortu, ez berak, ez taldeak beretzat -AEBen aurka Gerrardek sartu zuen gola-. Gaur pare bat aldiz baizik ez du errematatu, bietan area kanpotik -aurrena, 43. minutuan, eta hori izan da Ingalaterraren lehen jaurtiketa serioa-.

Messik bukatu du Europako golegile nagusi sasoi honetan, eta hark ere ez du golik egin Hegoafrikan. Dena dela, Messirenak ez du larria denik ematen: ondo ari da, Bartzelonan bezala bere kasa, eta Argentinako jaurtiketen %37 berak egin ditu. Rooney ez dabil batere gustura, eta hori larria da Ingalaterrarentzat.

Ingalaterra 0. James, Johnson, Carragher, Terry, Cole, Lennon (Wright-Philipps, 63m), Gerrard, Barry (Crouch, 84m), Lampard, Rooney, Heskey (Defoe, 74m).

Aljeria 0. Mbolhi, Kadir, Bougherra, Belhadj, Yahia, Halliche, Yebda (Mesbah, 89m), Lacen, Boudebouz (Abdoun 74m), Ziani (Guedioura, 80m), Matmour.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.