Bayer Leverkusen 1. Bartzelona 3

Ez du arinduko, baina...

Bartzelonak ez du ondo jokatu, baina nahikoa izan du Leverkusenen irabazi eta kanporaketa ia erabakita uzteko

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Bayer Leverkusen. Leno; Corluka (Da Costa, 91. min.), Schwaab, Friedrich, Kadlec; Reinartz, Rolfes (Kiessling, 77. min); Bender, Castro, Schuerrle (Bellarabi, 90. min.); eta Augusto.

Bartzelona. Valdes; Dani Alves,

Mascherano, Puyol, Abidal; Sergio Busquets, Cesc, Iniesta (Thiago, 60. min.); Alexis (Cuenca, 85. min.), Messi eta Adriano (Pedro, 69. min.).

Golak. 0-1. Alexisek (41. min.); 1-1. Kadlecek (51. min.); 1-2. Alexisek (55. min.); 1-3. Messik (88. min.).

Epailea. Craig Thomson (Eskozia). txartel horiak Bayerreko Schwaabi, Corlukari eta Castrori; eta Bartzelonako Thiagori.

Bestelakoak. 28.000 ikusle inguru Leverkusengo Bay-Arenan.

Bartzelonak 1-3 irabazi zuen atzo Bayer Leverkusenen zelaian, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan, eta, horri esker, aurrerapauso handia, ia erabakigarria eman du final-laurdenetara pasatzeko. Garaipenak ez du arinduko joan zen asteburuan Osasunaren aurka galdu ostean Espainiako Ligako txapela ia galduta izateak eragindako zauria, baina lagundu egingo du zauria sakonagoa egin ez dadin.

Irabazi egin zuen Pep Guardiolak zuzentzen duen taldeak, baina ez zuen ondo jokatu. Ez da ezustekoa, denboraldi honetan etxetik kanpo jokatu dituen partida askotan ez baitu neurketa biribilik egin. Horrek disgustu bat baino gehiago ekarri dio. Atzo ere larri ibili zen zenbait momentutan, eta Bayer Leverkusen ate aurrean eraginkorragoa izan balitz, ziurrenik Bartzelonak berriro atsekabetuta egingo zuen etxerako bidaia. Alemaniarren punteria faltak salbatu zuen, horrek eta Alexisen golek. Aurrelari txiletarrak sartu zituen katalanen lehen bi golak. Lehenak neurketa hasierako oreka hautsi zuen, atsedenaldia iristear zela. Bigarrenak, berriz, erantzuna eman zion bigarren zatia hasi berritan Bayer Leverkusenek sartutako berdinketaren golari —Kadlecek sartu zuen—. Messik ere bere ekarpena egin zuen norgehiagoka amaitzear zela, Bartzelonaren hirugarren gola sartu, eta partida erabakita utzita. Azkenean, garaipena, distirarik gabekoa, baina nahikoa final-laurdenetan ia bi oinak izateko.

Lyonen garaipena (1-0)

Eguneko beste partidan, Olympique Lyonek 1-0 hartu zuen mendean Apoel Nicosia. Frantziako taldeak gogotik sufritu zuen Ziprekoari irabazteko. Lacazettek 58. minutuan sartutako gol batek bota zuen behera Apoelek zelai erdian eta defentsan eraikitako harresia. Emaitza horrekin, Olympique Lyonek urratsa egin du, baina Apoelek ez du azken hitza esan. Hiru aste barru Nikosian jokatuko den itzuliko partidan beste mugarri bat ezarri nahi dute. Lehen aldiz ari dira Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan, baina ez dute oraindik agur esan nahi. Erne ibil daitezela frantziarrak.

Gaur jokatuko dira final-zortzirenetako lehen txandako azkeneko bi joaneko partidak. San Petersburgon (Errusia), Zenit eta Benfica izango dira aurrez aurre (18:00). Eguneko neurketa erakargarriena, berriz, San Siron jokatuko da: Milan, Arsenalen aurka (20:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.